argia.eus
INPRIMATU
Omenaldi jendetsua egin diote Isidro Murgari
  • Iragan larunbatean zendu zen Isidro Murga. Gaur arratsaldean omenaldi jendetsua egin diote Egin egunkariko sustatzaile eta herri mugimendu ugaritako kidea izan zenari. Laudioko Lamuza parkean egin dute ekitaldia, eta ehunka herritar bertaratu dira zitara, gizarte eta politika munduko ordezkari ugarirekin batera.

Aiaraldea @aiaraldea 2019ko maiatzaren 03a
Ehunka lagun elkartu ziren Isidro Murgaren omenaldira. / Aiaraldea.eus

Jende ugarik hartu du hitza omenaldian, eragile askotan ibili baita Murga: Gure Esku Dagon, Komando Sukaldarin, Etxeraten, Egin-en... Zendutako laudioarrarekin izandako anekdota eta bizipenak izan dituzte hizpide gehienek. 

Larraitz Ugarterena izan da lehen hitzartzea, eta espetxean zein 18/98 epaiketan bizitakoak ekarri ditu gogora. Lamia Arcas Gure Esku Dagoko kidea igo da segidan, eta naziotasun zein erabakitze eskubidearen alde Murgak egindako lana goraipatu du. Komando Sukaldari elkarteko kideak eta lagunek ere izan dute gogoan Murga, baita Etxerateko ordezkariek ere. Pablo Gorostiagak eta Jose Luis Elkorok Egin egunkariko eta epaiketako garaiak kontatu dituzte, hamaika anekdotarekin batera.

Sergio Escribano izan da hitza hartzen azkena, Isidro Murgaren senideen ordezkari gisa. Bertaratutako guztiei eta ekitaldia antolatzen egon direnei eskerrak eman dizkie.

Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.