argia.eus
INPRIMATU
Omenaldi batekin ekingo diote Iruñean Gladys Del Estalen heriotza gogoratzeko asteburuko ekitaldiei
  • Iruñean omenaldia egingo diote ostiralean, maiatzak 31, guardia zibilak Tuteran hildako ekintzaile antinuklearrari. Asteburu bete ekitaldiren hasiera besterik ez da izango, omenaldi, bizikleta martxa eta ibilaldiak aurreikusita baitaude Donostian, Tuteran eta Iruñean.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 30

Glayds Gogoan ekimenak antolatuta, eta Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesarekin, omenaldia egingo diote Iruñean ekintzaile donostiarrari, ostiralean Erraldoien Txokoan, 19:00etan hasita. Horrez gain, Geltokin erakusketa bat dago ikusgai joan den astetik.

Ekainaren 3an 40 urte beteko dira Gladys del Estal guardia zibil batek tiroz hil zuela Tuteran, jaialdi nuklear baketsu batean zela. Hilketa hori gogoratzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte talde ekologistek eta lagunek. Donostian, esaterako, bizikleta martxa egingo dute larunbatean, orain lau hamarkada Gladysek antolatutakoaren antzeko aldarrikapenekin. EHUko Donostiako Informatika fakultatean, bestalde, erakusketa jarriko dute ikusgai astelehenetik aurrera.

 

 

 

EHUko Donostiako Informatika fakultatean jarriko duten erakusketaren panela (Gladys Gogoan ekimena)

 

 

 

Hitzaldiak, herri bazkaria, eta ibilaldiak ere izango dira. Hala, igandean, Bardeako tiro poligonoaren kontrako XXXII. martxan, Gladys Del Estal oso gogoan izango dute, urtero bezala. Programa osoa hemen.

Ekintzailea hil zuen José Martinez Salas guardia zibilak gutxieneko zigorra jaso zuen eta ondoren bi aldiz kondekoratu zuten. Gladys gogoan ekimenak azaldu duenez "Egindako injustiziaren aitormena eta bere memoriaren erreparazioa nahi dugu".