argia.eus
INPRIMATU
OMEk koronabirusari “pandemia” deitu eta urtebetera, nazioarteko alerta-sistema moldatzeko beharra plazaraturik
  • OMEk nazioarteko arauen arabera egin zezakeen iragarpen mailarik handiena urtarrilaren 30ean egin zuen, ESPII "nazioarteko garrantzia duen osasun publikoaren larrialdia" deklaratuz, baina OMEk "pandemia" hitza erabili zuen momenturarte herrialde askok ez zuten arazoaren garrantzia ulertu. Aditu askok alerta-sistema aldatzeko eskatu dute.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 11
Argazkia: Tedros Adhanom, OMEko zuzendari nagusia

2020ko martxoaren 11n Osasunaren Munduko Erakundeak koronabirusa pandemia kontsideratu zitekeela esan zuen. Tedros Adhanom erakundearen zuzendari nagusiak COVID-19aren inguruan hitz egin zuen ohiko prentsaurrekoan, aurreko bi asteetan, Txinatik kanpoko kasuen kopurua 13 aldiz biderkatu zela, eta kaltetutako herrialdeen kopurua hirukoiztu zela. Momentu hartan 118.000 kutsatu zeuden 114 herrialdetan, 4.300 pertsonak galdu zuten bizia eta beste hainbat ospitaleetan zeuden errekuperatzeko itxaropenarekin. Italia zen positibo gehien zituen bigarren herrialdea eta Espainiako Estatuak 2.000 positibo baino gehiago zituen. 

Arratsalde hartan, OMEko buruaren hitzak oso argiak izan ziren: "Oso kezkatuta gaude, bai hedapen eta larritasun-maila kezkagarriengatik, bai gelditasun-mailagatik ere". Hori dela eta, OMEk ondorioztatu zuen COVID-19 "pandemia" bat zela, koronabirusak historian eragindako lehena. Handik gutxira, Europa bere epizentro bihurtu zela baieztatu zen.

Urtarrilean argitaratutako aurretiazko txosten batean, COVID-19 nazioarteko erantzuna aztertzen duen aditu-talde independenteak galdetu du ea OMEk aurretik "pandemia" terminoa erabili izanez gero egoeraren bilakaeran onurarik ekarriko zuen. "Termino hori ez da erabiltzen eta ez da definitzen Nazioarteko Osasun Erregelamenduan, baina haren erabilerak osasun-arazo baten larritasuna nabarmentzeko balio du. OMEk ez zuen termino hori erabili martxoaren 11 arte".

Alerta-sistema aldatzeko proposamenak

Nazioarteko larrialdia deklaratzeko, OMEk hiru irizpide eskatzen ditu: ohiz kanpoko gertaera izatea, nazioarteko hedapenaren bidez beste herrialde batzuetako osasun publikorako arriskua izatea eta nazioarteko erantzun koordinatua behar izatea.

El diario.es komunikabideak adierazi duenez, aditu asko ari dira proposatzen osasun publikoko larrialdi bat deklaratzeko irizpideak indartzea, jakinarazpen eta alerta-sistemak aldatzea, baita larrialdi-batzorde iraunkor bat sortzea ere –gardena eta politikoki babestua–. Litekeena da eztabaida areagotzea, maiatzean egingo den Osasunaren Mundu Batzarrari begira.

COVID-19aren erantzuna aztertzen duen aditu-talde independentearen iritzi argia aurretiazko txostenean da: "Mundua ez zegoen pandemia baterako prestatuta eta hobeto egin behar du". Munduko pandemia alerta-sistemak ez duela bere funtzioa betetzen uste dute. "Sistemaren oinarrizko osagaiak motelak, gogaikarriak eta ez-erabakigarriak dira". Aditu-taldeari jakinarazi diotenez, alerta gehienak OMEra iristen dira albisteengatik edo sare sozialengatik, eta gehitzen duenaz, badaki plataforma batzuk sortu direla iturri ez-tradizionaletatik edo sarbide irekietatik datozen epidemiei buruzko informazioa biltzeko.