argia.eus
INPRIMATU
OMEk jaitsi egin ditu orain arte segurutzat jotako kutsadura mailak
  • Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) airearen kalitateari buruzko gomendio berriak argitaratu ditu asteazken honetan, 2005az geroztik zituenak baino zorrotzagoak, kutsadurak mundu osoan eragiten dituen urteko zazpi milioi heriotzak geldiarazteko asmoz.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 22a
Argazkia: Pixabay

Gida berriak aireko kutsatzaile kaltegarrienen gehieneko kopuru gomendagarriak ezartzen ditu (airean diren partikulak edo partikula esekiak, ozonoa, nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa eta karbono monoxidoa), eta ia kasu guztietan OMEk seguruagotzat jotzen diren mailak jaistea erabaki du.

Gizakiarentzat arriskutsuenak jotzen diren partikula esekiak 2,5 mikra baino diametro txikiagoa (PM 2.5) dutenak dira. Orain arte, egun batean aire metro kubiko bakoitzeko 25 mikrogramo baino gutxiago gomendatzen zituen OMEk. Orain, ordea, maila optimoa 15 mikrogramora jaisten da. Neurria hartzeko Pekineko kasua jar liteke: munduko hiri kutsatuenetakoa da eta han, adibidez, metro kubikoko 500 mikrogramotik gorako mailarekin esnatzen da sarri, eta egun oso txarretan 1.000 mikrogramotik gorakoa izan da.

Tamaina handixeagoko partikulei dagokienez, 10 mikrako (PM 10) diametroa dutenak, OMEk bere eguneko maila gomendagarria, aire metro kubikoko 50 mikrogramokoa zen orain arte, eta aurrerantzean 45 mikrogramo izango da. Bi mikropartikula motak, PM 2.5 eta PM 10, erregai fosilak erretzetik datoz eta osasunerako arriskutsutzat hartzen dira biriketan sar daitezkeelako, baina lehenengoak are kaltegarriagoak dira, tamaina txikia dutenez, odol-korrontera irits baitaitezke.

OMEren arabera, PM 2.5 partikulekin zerikusia duten heriotzen %90 saihestu egin daitezke gida berriarekin. Neurri hauek hasiera batean ez dira legez derrigorrezkoak, baina erakundearen arabera, oso gomendagarriak dira, bai osasuna babesteko bai klima-aldaketaren aurka borrokatzeko.