Txinan agertu ziren koronabirusaz kutsatutako lehen pazienteak, baina birusaren jatorria oraindik argitzeke dago. AEBetako Gobernuak zenbait alditan leporatu dio Txinari birusa bertako laborategi batean sortu izana, eta akusazioak eta dudak argitzeko asmoz, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) aditu taldea bidaliko du Txinara.
Nazioarteko erakundeak bidalitako laugarren brigada izango da bidaltzear dagoena; izan ere, Maria Van Kerkhove OMEko epidemiologoak gogorarazi du bidalitako azken brigadak Txinari epidemiaren jatorria aurkitzea gomendatu ziola.
Gizakiak sortutako birusaren teoria baztertu du OMEk. Van Kerkhovek azaldu du birusak “jatorri zoonotikoa” duela, eta patogeno berri gehienak animalietatik datozela gehitu du. Dena den, jatorria aurkitzearen garrantzia azpimarratu du, “jatorria ezagutu gabe beste behin gertatzea saihestea zaila delako”.
AEB kritiko
OMEk iragarritako ikerketa taldea AEBen kritiken erdian heldu da. Izan ere, Donald Trumpen Gobernuak sarritan leporatu dio Txinari birusa Wuhango laborategi batean sortu izana. Baina Txinarekin soilik ez, OMErekin ere kritiko egon da Trump; birusaren agerraldiak estali nahi izan dituela argudiatuz, finantzaketa moztu baitio OMEri.
AEBak ez dira izan birusaren jatorria ikertzeko eskatu duten herrialde bakarrak, ordea. Australiako Gobernuak ere ikerketa independente bat bultzatzeko eskatu di; izan ere, azken albisteek 2019 amaieran AEBetan eta Frantzian zenbait koronabirus kasu atzeman dituzte. Horrek kolokan jartzen du Txinako jatorriaren hipotesia.