argia.eus
INPRIMATU
Olivier Doihenard, Arbonako laboraria: “Kostaldeko laborarientzat hirigintza da arazo nagusia”
  • Arbonan (Lapurdi) laborari da Olivier Doihenard, 41 urte. Kostako laborantxaren lehen arrangura hirigintza dela dio.

Etxalde 2019ko urtarrilaren 07a
Olivier Doihenard (eskuinean) eta Olivier Gervais Arbonako beren etxaldean. (Argazkia: Laborari)

Nolako etxaldea duzu?

Agerrea etxaldean, 32 hektarea lantzen ditugu. Bi kide gira, ni eta Olivier Gervais, duela bi urte nerekin instalatua. Behi esnea ekoizten dugu, parte bat esne gordinean saltzen dugu, beste parte bat gasna eta iogurretan transformatzen dugu. Produkzioaren erdia saltzen dugu, CLPB gasnategiari orai arte eta oraitik goiti Biolait taldeari, biologikora pasatu baigira. Urtean 100 000 litro ekoizten ditugu.

Baliatzen duzuen lurraren jabetza baduzue?

Baditugu 14 hektara gureak, 7 ha alokatzen ditugunak kontratu batzurekin, gaineratekoa (11 hektara) urtetik urtera elezkako alokatzeak dira, urtetik urtera galtzen ahal ditugunak beraz. Arbonan bada dozena bat etxalde, ttikiak, gehienak behi hazkuntzari emanak: lau esne ekoizle gira, badira behi haragitakoekin... Laborantzatik bizi dira nagusiki.

Zoin dira zuen etxaldeen arrangura nagusiak?

Zinez guretzat hirigintza da arrangura nagusia. Arbona lurralde nekea da, etxegintza manera barreatuan egin da azken mende erdi huntan. Eraikuntzek beti segitzen dute aintzina. Presio haundia bada, lurren galtzeko mentura, lur berrien atxemaiteko menturarik batere ez. Prezioen aldetik, presione imobiliarioa animalekoa da, galdea haundia da.

Lan egiteko moldean ere baditaizke ondorioak?

Bai. Piza hedatzea ez da errex, behiekin bide batzutan ibiltzea utzi izan behar dugu zeren behiak pixka bat esker eskuin ibiltzen badira eta etxeetako soropilak xehatzen badituzte oso gaizki pasatzen da. Ez da errex hemen lanean aritzea. Duela 30 urte alokatzen ditugun pentzeak baditugu, zerratu ditugu, ontzen eta entretenitzen ditugu eta beti galtzeko beldurrarekin gira. Beldur hori biziki higagarria da. Lan moldeak hobetu, errextu nahi ginituzke bainan beti gibelerat egiteko mentura dugu.

Hiri haundien hurbiltasunak onurak ere baditu zirkuitu laburrean ari direnendako?

Bai hori inportanta da. Behi esne ekoizpenean horrek zinez laguntzen gaitu. Ingurutako kontsumi-tzaileek badute hurbileko laborantzarekin atxikimendua. Sozialki interesgarria da eta ekonomikoki ere. Bainan ez da ahantzi behar lan bat gehiago dela, transformazioa eta komertzializatze

lana bada, hazkuntzaren gainetik. Adibidez, astelehenetik larunbaterat esne gordinaren banaketa egiten dugu egun guziz, pasteleria edo supermerkatuetan. Horregatik gure etxaldean bi gira, on da bi izaitea manera hortan aritzeko.

Geroari buruz baikor zirea?

Etxea transmititu behar delarik, irrisku haundian emaiten da hemengo laborantza. Sekula anai-arreben artean ez bada ontsa pasatzen, etxaldearen transmizioa ezinezkoa da. Batek laborantzan aritu nahi badu eta besteak patrimonioaren parte bat nahi badu, arazo haundiak sortzen dira. Ontasunen balioak kezkatzen nau. Lurraren prezioak goiti egiten du, etxeen prezioak ere, fiskalki ere bada arrangura.

Halere, laborariek beren etxaldeendako atxikimendua frogatzen dute eta esperantza ez da galdu behar... bainan ez da errex. Belaunaldiz aldatzen delarik, ikusteko manerak ere aldatzen dira eta irriskuak badira belaunaldi aldaketa bakotxan.

Zoin dira bideak egoera horri buru egiteko?

Herriko etxeek ardura nagusia dute arazo hortan. Hirigintzako planoak egiten dituztelarik, berek dute erabakitzen imobiliarioa lagundu ala ez. Arbonako kasuan, hirigintza planoa berrikusten ari dira eta gezurrak sakatzen dituzte etxe gehiagoren egiteko; denbora berean erranen dute laborantza nahi dutela sustengatu. 20-25 hektara laborantzako lur baliatu nahi dituzte etxe egiteko, futbol zelai egiteko... Hemengo etxalde polit baten neurria da. Laborantzari kenduko dituzte lur horiek eta ber denboran 50 bizitegi eginen dituzte bigarren etxebizitzarako. Ez da normal gure lurra horrela xahutzea.

Borroka batzu eramaiten ahal dira beraz egoeraren eztitzeko?

Bai. Hirigintzako planoa Euskal Elkargoan erabakitzen dira. Borrokatuz, salatuz, bada manera logika horien geldiarazteko ene ustez. ELB eta Lurzaindia sentsu hortan ari dira borrokan eta horrek guziak lana egiten du hautetsien buruan. Hola segitu behar da, laborariak presione egiten, kontsumitzaile eta ingurumenaren zaintzaileekin ere. Kostaldeko laborarientzat hirigintza da arazo nagusia eta Euskal elkargo mailan erabakitzen da. Biziki inportanta da hor lan egitea, beste gauza batzurentzat ere, bainan guretako hirigintzan bereziki.