argia.eus
INPRIMATU
Errigorak bigarren kanpaina abian Nafarroako produktuak eta euskalgintza sustatu asmoz
  • Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura izenean, bigarren kanpaina jarri du abian Errigorak. Iazko udazkenean Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpainak izandako arrakastaren ostean dator hau. Nafarroako hegoaldeko produktuak ekoizleen jatorrizko prezioan eta norberaren herrian eskuratzea ahalbidetzen du Errigora ekimenak.

Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 04a

Bitartekaritza gastuak ekidinez, auzolanean produktu nafarrei bide berriak irekitzeko asmoz jarri zen abian proiektua, eta elikagaiak Euskal Herriko txoko ezberdinetara iritsarazi dituzte. Oraingoan oliba olio birjin ekologikoa eta konbentzionala eskainiko dituzte.

Nafarroa hegoaldeko oliba olio bidoia eskuratzeko apirilaren 15a baino lehen egin behar da eskaera. Ekainerako piper loteak, orburu loteak eta zainzuriak eskaintzea aurreikusten dute.

Ekimenaren filosofia

Gure herriko bi oinarri lotu ditu ErriGora ekimenak: laborantza eta euskara. Eta horrekin batera, herritar ugariren ilusioa, elkartasuna eta parte hartzeko gogoa.

Antzeko egitasmo bat abiapuntu, ekimenari forma eman eta 2013ko udazkenean egin zuen Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko lehen kanpaina. ErriGorako Peru Aranburu eta Xabier Gojenolaren esanetan, produktu-sorta ugari saldu zituzten, herritar askoren laguntzari esker: “Saskien banaketan jende pila inplikatu da, kutxak muntatzen, komunikazio lana egiten; bitarteko urriko ekimena izan arren, jendearen parte-hartzeak eman dio izan duen arrakasta”.

Saldutakoaren diru zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza bultzatzeko izango da, han ez baitago bermatuta euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea. Zentzu horretan, “ekimen honek erakutsi du Euskal Herrian dauden errealitate ezberdinei, kasu honetan Nafarroa hegoaldekoari, herri bezala erantzuteko aukera badagoela”.

Argia Saria 2014

Joan den urtarrilean publizitatearen Argia Saria eskuratu zuen ekimenak, proiektua beragatik eta hau sustatzeko egindako komunikazio kanpaina eraginkorragatik.