“Ez dut uste Olinpiar Jokoak 2021ean egin ahal izango direnik”, adierazi du Kentaro Iwata infektologian adituak.
Japoniako Gobernuak eta COI Nazioarteko Batzorde Olinpikoak pasa den hilean erabaki zuten 2020ko Olinpiar Jokoak 2021era atzeratzea, baina data horretan egitea ere zail ikusten du Kobe-ko Unibertsitateko irakasleak, The Japan Times egunkariak jaso duenez. Iwata “ezkor” agertu da, ezinbestean bete beharreko bi baldintza daudelako: "Batetik, COVID-19 Japonian kontrolatzea; eta bestetik, COVID-19 leku guztietan kontrolatzea, mundu osoko kirolari eta ikusleak gonbidatu behar direlako".
Adituak dio balitekeela datorren udarako Japoniak gaitza kontrolaturik izatea, baina ez duela uste mundu osoan gauza bera gertatuko denik: "Zentzu horretan oso ezkorra naiz, ez dut uste Olinpiar Jokoak 2021ean egiterik izango denik. Aukeraren bat izango litzateke, agian, neurri batzuk hartuz gero, ikusle edota parte-hartzaile kopurua mugatzea esaterako".