Arrazoi pertsonalak argudiatuta, idazle poloniarrak ez du egingo martxoan Donostia, Bartzelona eta Madrilen aurreikusia zeukan bira.
Olga Tokarczuk 2018ko Literatura Nobel saridunak kale egingo du Donostian lotuta zeukan bigarren hitzorduan ere. Lehenbizikoa 2019ko azaroan zen Literaktum jaialdiaren barruan, baina Nobel saria jasotzeak eragindako zurrunbiloa dela-eta, atzeratu egin zuten.
Martxoaren 13an zen hitz egitekoa San Telmo museoan, baina astelehen honetan Donostia Kulturak jakinarazi duenez, bigarren hitzordu hori ere bertan behera geratu da.
Espainiako Estatuan egin behar zuen bira baten barruan zegoen aurreikusia Tokarczukek Donostia bisitatzea. Gipuzkoako hiriburuaz gain, Bartzelonatik eta Madrildik ere pasatzekoa zen hilaren 7an eta 10ean. Hiru hitzorduak bertan behera utzi ditu ordea, arrazoi pertsonalak argudiatuta.
Polonian jaiotako idazleak Mercedes Monmany idazle eta literatur kritikariarekin batera hitz egin behar zuen Donostiako ekitaldian, bere ibilbide osoa errepasatuz eta, zehazki, gaztelaniaz publikatu dioten azken eleberrian fokua jarriz.