2018ko Literatura Nobel sariaren irabazlea den Olga Tokarczuk idazle poloniarra martxoaren 13an Donostiako San Telmo Museoan izango da, Donostia Kulturak jakinarazi duenez. Azaroaren 15ean zen Donostiara etortzekoa, baina Nobel saria jaso izanak planak aldarazi zituen.
Poloniako idazte eta saiogilea, Tokarczuk izan da Nobel sarien ehun urte luzeko historian aitortza hori jaso duen hamabosgarren emakumea. Iaz saritu zuten, Peter Handkerekin batera, 2018ko sariduna Suediako akademian izandako eskandaluaren erruz atzeratu egin baitzen.
Epaimahaiak txalotu zituen idazle poloniarraren "irudimen narratiboa" eta "pasio entziklopedikoa". Literaturatik at, ezaguna da bere herrialdean mugimendu ultraeskuindarren kontrako aktibismoagatik. Psikologoa prestakuntzaz, nobelak, eszena-egokitzapenak, ipuin-liburuak eta hainbat poema-bilduma kaleratu ditu.
Donostiako ekitaldian Mercedes Monmany idazleak lagunduko du. Bere ibilbide literarioa berrikusi eta 2019an argitaratutako azken liburuaz arituko dira, besteak beste.
Jarduera honek Literaktum Topaketak programari hasiera emango dio. Eremu berri honetan, urtean zehar ibilbide ezaguneko nazioarteko egileen bisitak programatuko dituzte Gipuzkoako hiriburuan.