Etxeratek azaldu duenez, “ziztu bizian” zihoan auto batek jo eta errepidetik atera du. Dispertsioak aurten eragindako lehen istripua da.
Olga Comes preso politikoaren lagun batek istripua izan du Mansillako (Leon) kartzelara bidean. Istripua Nafarroa eta Errioxa artean jazo da, igande goizaldean. Etxerat elkartearen arabera beste auto batek errepidetik atera du, eta bi aldeetako medianak kolpatu ditu.
Polizia eta suhiltzaileei deitu ostean, Comesen laguna Lizarrako erietxera eraman dute, hainbat kolpe eta zauri zituela. Istripuaren ondorioz 9:00etako bisita egiteko aukera galdu du.
Etxeratek salatu duenez, dispertsioaren “errusiar erruletak” bere horretan dirau, nahiz eta ezikusiarena egiten saiatu”. “Urte berritik 24 egunera dispertsio politikak eragindako lehen istripua da hau, era batera zein bestera salbuespeneko politika hau sostengatzen duten pertsona orok eragindakoa”, gaineratu du.
Gogora ekarri duenez, dispertsioa giza eskubideen aurkako “eraso oso larria” da, jada 16 hildako eta ehundaka istripu eragin dituena. “Egungo kartzela politikak min egin, sufriarazi egin nahi digu, eta lortzen du”.