Poetaren hitza izenburupean, jardunaldiak egingo dituzte bihar hasi eta larunbatera bitarte Irungo Kabigorri ateneoan, eta hilaren 7tik 10era Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Irungo olerki topaketetan Itxaro Bordak, Maddi Oihenartek eta Jeremi Garatek hartuko dute parte, besteak beste. Donostiakoetan, Hedoi Etxarte, Harkaitz Cano, Marina Tsvetaieva eta Gabriel Arestiren lanak interpretatuko dituzte, beste hainbaten artean.
Bestalde, herri literaturari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Bilbo Zaharra Forum eztabaidagunean. Orniturrinkus taldea (etzi), Xabier Amuriza eta Kepa Junkera (hilaren 10ean), Ander Lipus eta Jon Maia (hilaren 17an) eta Amets Arzallus, Odei Barroso eta Sustrai Colina (martxoaren 3an) arituko dira jardunaldiotan.