argia.eus
INPRIMATU
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”
  • Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu herriari itzuli diezaiola herriarena dena”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko abenduaren 23a
Diru (eta bestelako) kontuetan, urtetako borroka luzea da elkarteek udalarekin dutena, ekitaldia fundamentuz antolatu ahal izateko. Irungo Udala

Herri mugimenduen jarduna fagotizatzeko hainbat udalerrik duten joera arriskutsuaren isla da Irun. Bospasei elkartek antolatu dute orain arte Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Irunen. Ordezkarietako batzuek ARGIAri azaldu diote haserre eta minduta daudela, bat-batean azaroan jakinarazi dielako udalak bera dela orain ekitaldiaren jabe, “aurrez gurekin hartu-emanik izan gabe, ezertxo ere esan gabe”. Udaletik esan diete elkarteak kontuan hartzen dituztela eta haiek parte har dezaten kontratatu dituzte; azkenean elkarteek adostu dute baietz, parte hartuko dutela, baina aurrera begira ekitaldiaren ardura berreskuratu nahi dute.

Nabarmendu digutenez, euskara, girotzea, jantziak… asko zaintzen dituzte elkarteetatik, jaia ez dadin desitxuratu. Horren aldean, udalak har ditzakeen erabakien beldur dira: “Zein enpresa azpikontratatuko dituzte? Aurten Bilbotik datoz galtzagorriekin, txondorra ere enpresa batekin beraien erara egin zuten azkenean… Errege Kabalgatan bezala, desfile bukaeran Disney pertsonaiak sartzea okurritzen bazaie? Dena artifizialtzen ari dira”.

Euskara, girotzea, jantziak… asko zaintzen dituzte elkarteetatik, jaia ez dadin desitxuratu. Udalak har ditzakeen erabakien beldur dira

2025erako, jokaldi bera mantendu du udalak aurrekontuetan. 2026tik aurrera? “Ikusiko da”, izan da erantzuna. Oposizioan diren EH Bildu eta EAJri elkarteek eskatuko diete aurrekontuak onartzeko baldintza gisa jarri dezatela Olentzero eta Mari Domingiren etorrera berriz ere herriak hartzea.

Soluzio bat izan daiteke, aipatu digute, udalarekin hitzarmen bat egitea, erabakimena elkarteen gain mantenduta.

Urtetako borroka

Herritik jaio zen ekitaldia eta herriko eragileek eurek mantendu dute urteotan guztiotan. Udalak ongi ikusi zuen hasieratik eta konpromisoa hartu zuen baliabideak jartzeko; “hori bai, diru aldetik agindutakoa inoiz ez du bete”, diote. Diru (eta bestelako) kontuetan, urtetako borroka luzea da udalarekin dutena, ekitaldia fundamentuz antolatu ahal izateko, hiria girotzeko eta ekintza gehiago egin ahal izateko ikazkinaren bueltan. Beste ekitaldi batzuetarako, dela Gabonetako argien piztuera polemikoa, dela Erregeen Kabalgata… diru kopuru dezente handiagoak bideratzen ditu udalak. “Gauza batzuetarako ez dago mugarik, guretzat dena da muga; euskara eta euskal kultura ez dute lehentasun”. Ez al luke Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldiak Errege Magoen Kabalgatak adina diru izan behar? Aldea, izan ere, handia da Irunen.

"Gauza batzuetarako ez dago mugarik, guretzat dena da muga; euskara eta euskal kultura ez dute lehentasun"

Joera arriskutsua

Herri-mugimenduek ematen diote benetako bizia herri bati, baina eragileen jarduna herritarren eskuetatik administrazioarenera aldatzeko joera zabaltzen ari da han-hemenka, urte batzuetatik hona. Halakoetan, herrietako euskara, kultur, ingurumen edota gizarte elkarteen egitekoa bere egiten du udalak, profesionalizazioaren aitzakian, edo baliabideak kenduta, enpresaren bat kontratatuta, elkarteak desligitimatuz... eta sarri kontrola izaten da arrazoi nagusietakoa.