Agerraldia egin dute euskalgintzako erakunde nagusietako ordezkariek, azaroaren 4ko manifestazioaren inguruko xehetasunak emateko. 17:00etan aterako da Euskaldunatik, 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat' lelopean. "Azken urteetako euskararen aldeko manifestazio jendetsuena" izango dela aurreikusten dute deitzaileek.
Kontseiluak deitutako azaroaren 4ko manifestazioak baditu hasiera ordu eta lekua: 17:00etan aterako da, Bilboko Euskaldunatik. Amaiera-ekitaldia, berriz, udaletxe aurrean izango da. Leloa ere badu: Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat. Agerraldia egin dute euskalgintzako erakunde nagusietako ordezkariek asteartean, Hizkuntzen Europako egunean, eta manifestazioaren inguruko xehetasunak eman dituzte.
Kontseiluak maiatzean iragarri zuen manifestazioa egingo zuela, ehundik gora norbanako eta gizarte eragilerekin egindako agerraldian. Aurreko hilabeteetan euskararen aurkako hainbat epai atera ziren: Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundaziokoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo Laudiokoa. Hala, "euskararen aurkako oldarraldia" salatzeko beharra azpimarratu zuten.
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak agerraldian esan du oldarraldiak "beste koska bat gora" egin zuela uztailaren 6an. Espainiako Konstituzio Epaitegiak inposatu zuen udalerri euskaldunek ere ezingo dutela euskaraz funtzionatu, EAEko Udal Legearen artikulu bat baliogabetuta. "Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori".
Manifestaziora joateko zein haren bultzadan parte hartzeko eskatu die Eskisabelek norbanakoei zein eragile sozial eta politikoei: "Guztion indarrak beharko dira oldarraldiari hesia jartzeko, olatu erreakzionarioari aurre egiteko".