argia.eus
INPRIMATU
Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”
  • Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia eskatzea. Baionan, justizia auzitegiaren aurrean hasiko da manifestazioa 11:30ean.

    Intza Gurrutxaga EHEko kideari elkarrizketa egiteko baliatu dugu egoera. Gurrutxagaren ustez, oldarraldi politiko eta judizialak euskaldunak aktibatu ditu, baina aurrera bezala, atzera egiteko arriskua ere sumatu du, adibidez, hainbat administraziotan.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko martxoaren 28a
Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre, apirilaren 11n epaituko dituzten EHEko bi kideak. EHE

Apirilaren 6rako manifestazioa deitu duzue Justizia euskararentzat lelopean. Zein dira helburuak?

[2024ko] Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, EHEko bi kidek [Gorka Torre eta elkarrizketatua bera] ekintza bat egin genuen Baionako justizia jauregira igota. Justizia euskararentzat idatzi genuen. Gaur egun jasaten dugun zapalkuntza bistaratzeko egin genuen eta euskararentzat justizia aldarrikatzeko.

Egunean bertan jarri ziguten epaiketarako eguna, apirilak 11, eta erabaki genuen erantzun kolektibo sendo bat eman behar zela, baina ez soilik bi ekintzaileei babesa emateko. Beraz, apirilaren 6ko manifestazio nazionala da bi kideoi elkartasuna eta babesa adierazteko, eta hortik haratago, euskararentzat egiazko justizia aldarrikatzeko. Justizia euskararentzat horretan sartzen da auzitegian euskaraz aritu nahi dugula, Euskal Herri osoan euskara ofizial izatea nahi dugula, hezkuntza euskalduna, azterketak euskaraz… Edonon eta edonoiz euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Era berean, kaleak astindu nahi ditugu, EHEk beti uste izan du oso garrantzitsua dela kaleak hartzea, euskararen borroka kalean ikus dadila.

Desobedientzia, intsumisioa, konfrontazioa... erabiltzea aldarrikatzen duzue, eskubide urraketen aurrean.

Desobedientzia ekintzak izugarrizko tresnak dira jasaten dugun zapalkuntza bistaratzeko. Ekintza horien bidez, oso ondo ikusten dira, legalki eta marko juridiko eta politiko honetan, euskaldunok dauzkagun zapalkuntza guztiak. Desobedientzia aldarrikatzen dugu, baina modu arduratsu batean eginez, eta ahal dela kolektiboki antolatuz egin beharreko ekintzak direla uste dugu. Euskararen gaia politizatu behar da. Erabilera geldituta dagoela eta horrelakoez hizketan gabiltza askotan, baina hori gertatzen da egiturazko zapalkuntza jasaten dugulako, eta euskararen aldeko borroka hortik egin behar dugu, zapalkuntza bistaratuz. Euskara politizatu behar da, desobedientzia ekintzak egin, konfrontatuz, baina arduraz jokatuz bistaratu behar dugu jasaten dugun zapalkuntza. Eta salatu, eta eskatu jauzi bat hizkuntza politiketan. Bestalde, EHEk eragile independentistatzat du bere burua, ezinbestekoa ikusten duelako marko juridiko-politiko propio bat garatzea. Euskararen aldeko borroka independentziaren bidetik egin beharko dugu.

"Euskalgintzak aldarrikatzen dituen horiek aurrera ez badira eramaten, erantzuleak seinalatu behar dira"

Euskalgintza beste modu batez ari dela diozue. Politikoki hain zuzena ez dela izan behar diozue, disruptiboagoa izan behar dela, ez hain neurtua. Epelegi ari da euskalgintza?

Zorrotzagoak izan behar gara eta konfrontazioa bilatu behar dugu.

Badago epelkeria, eta gauza bakoitza bere izenez aipatzeko eta kritika egiteko eskuak lotuta dituzte, edo hori esateko ezintasunak. Aipatu izan dugu euskalgintzaren burujabetzaren garrantzia. Azken finean, euskalgintzak aldarrikatzen dituen horiek aurrera ez badira eramaten, erantzuleak seinalatu behar dira, eta neurri batean, beldur batzuk gainetik kendu behar ditugu. Gauza batzuk zuzenak ez direnean adierazi egin behar da, nahiz eta batzuentzat gustuko ez izan.

EHEn saiatzen gara erantzuleak seinalatzen, eta zorrotzagoak eta politikoki hain zuzenak izan gabe euskarak biziberritzeko behar dituen politikak eskatzen ditugu. Ez dugu ikusten euskararen afera erdigunean dagoenik eta euskalgintzak hainbat aldiz eskatu du euskara erdigunean jartzea. Hor egon behar dugu eta epelkeriak albo batera utzi.

Kalea berreskuratzea azpimarratzen duzue, kontzientzia pizteko beharra dagoela.

Egia da euskararen aldeko borroka azken urteotan apaldu egin dela edo maila batzuk atzerago gelditu dela. Gizartean lasaitze bat egon da. Bazirudien lortu genituela eskubide batzuk eta erlaxatu gintezkeela, baina ikusten ari gara ezin garela erlaxatu, eta lortutako eskubide batzuetan atzerapausoak eragin nahian dabiltzala. Hori guztia marko orokorrago batean kokatzen dugu. Eskuin muturra eta faxismoa goraka doaz eta atzerapausoak eragin nahian dabiltza, ez soilik hizkuntza eskubideetan, baizik eta eskubide guztietan: emakumeenak, langileenak, LGTBI mugimenduarenak... Hor kokatzen dugu euskaldunon kontrako oldarraldi hau guztia ere.

Azken urteetan euskaldunak lasaitu egin gara, larrialdi egoeran gaude, eta horri aurre egiteko politika zorrotzak behar ditugu. Bada momentua euskararen borroka lehen planora ekartzeko. Eta lehen planora ekartzeko ez soilik instituzioetatik. Horrez gain, kalera atera behar dugu. EHEren helburua beti izan da kaleak astintzea eta kaleak astintzeko kalean egon behar da, euskaltzaleak aktibatu behar dira . Horrek eskatzen du eguneroko lana, erasoren bat dagoenean erantzutea, Tolosakoan bezala. Kaleak hartzeko jendea piztu behar da, eta jendea pizteko kalean egon behar da. Saiatzen gara urtean zehar egiten ditugun egitasmoak eta ekintzak kalera ateratzen, eta euskaltzaleak, neurri batean, horren bitartez aktibatzen.

"Inguruan sumatzen da aktibazioa, baina ezin da ukatu oldarraldiak eraman gaitzakeela beste aldera"

Oldarraldi judizial, politiko, mediatiko eta abarren ondorioz kontzientzia berpizten ari al da?

Sumatzen dut badagoela pizte bat. Gauza txar guztiek daukate alde ona eta ikusten ari gara oldarraldi honekin badagoela aktibazio bat. Baina aldi berean, eta honetaz ohartarazi behar da, oldarraldi honen aurrean, administrazioetatik adibidez, koldarraldia dator. Oldarraldiaren aurrean koldartuz, etor daitezkeen epaiei aurrea hartu eta atzerapausoak ematea gerta daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak, adibidez, hizkuntza eskakizunak erdira jaitsi nahi ditu. Horren aurrean harroaldia aldarrikatzen dugu, oldarraldiaren aurrean atzerapausorik ez egitea.

Inguruan sumatzen da aktibazioa, baina ezin da ukatu oldarraldiak eraman gaitzakeela beste aldera.