Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga jartzeko.
Agerraldi jendetsua egin dute 120 bat herritarrek gaur arratsaldean Errenteria-Oreretako Herriko Plazan. Mezua, argia: faxismoak ez duela lekurik Errenteria-Oreretan, ez diotela zirrikitu txikiena ere utziko sartzeko. Agerraldiaren helburua, herritar guztiak ostiralean —hilak 21— izango den manifestaziora deitzea izan da. Oldarraldi faxistaren aurrean, askatasuna lelopean egingo dute Herriko Plazatik abiatuta 19:00etan, eta ahal den jendetsuena izatea nahi du herri ekimenak. Horren atzean herritarrak, arlo, adin, eta jatorri askotariko norbanakoak. Ostiralekoa, mobilizazio zabal, indartsu eta alai bat izango dela iragarri dute, faxismoaren iluntasuna, aniztasunaren koloreekin ezabatzeko. Kolore horiek presente izan dira gaurko agerraldian, ikurrinak ez dira falta, ezta bandera feminista, LGTBIQ+ mugimenduaren ortzadar kolorekoa, euskal presoak etxeratzea aldarrikatzen duen banderola, errepublikazalea, ongi etorri errefuxiatuak zapia, Palestinako bandera eta kufiyak.
Euskal Herriaren historian mugarri izan diren hainbat gertakariei erreparatzeko atzera begira jarri dira bildutakoak. Hori horrela, «Gernikako errautsetatik biziberritu» den herria dela jarri dute nabarmen: «Garaiko faxistek suntsitu nahi izan zuten herria da gurea. Ondoren 40 urtez errepresio gordina jasan behar izan zuen herria da gurea: gure nortasuna ukatu ziguten, euskara ikastea eta erabiltzea debekatu, emakumeok menpeko eta meneko bizitzetara kondenatu, edota sexu eta identitate disidenteak ukatu». Zapalkuntzaren aurrean «altxa» zen herria ere badela Euskal Herria erantsi dute, bestalde, «borrokaren bidez langileontzat eskubideak irabazi zituena, jatorri ezberdinak batu zituena herrigintzari bultzada emanez, emakumeon eskubideen alde borrokatu zena, euskarari bultzada eman ziona, Francisen —Vicente Vadillo Santamaria— erailketaren aurrean altxa zena. Larrutik ordaindu genuen. Baina hemen gaude».
Eta dauden horretatik, aurrera urratsa egingo dutela esan dute oldarraldi faxistari galga jartzeko.
«Gernika bonbardatu zuten haien oinordekoak» helduko direla larunbatean, «beren bandera eta agendarekin», salatu dute agerraldira bildutakoek. «Herri honetan duten ukazioa probestu eta probokatzera datoz Errenteria-Oreretara. Hona ez datoz ez bozka bila, ezta bazkide gehiagoren bila ere. Hona datoz, jakin badakitelako hemen borrokaren genealogia indartsua dagoela, herri borrokalaria delako gurea. Hona datoz, jakin badakitelako herri honetan eskubideen aldeko borrokak askotarikoak izan direla eta hemen duintasunez betetako herri bat dagoela».
Testuingurua, honakoa: Espainiako eskuin muturreko Vox alderdiak propaganda postua jartzeko baimena eskatu du, larunbat goizerako Zumardian. Baimena eman diote.
Jendarteak urratsa atzera egitea bilatzen dutenen asmoaren kontrara, pauso bat aurrera ematera doazela esan dute agerraldian, «haiek guk pausua atzera ematea nahi dute, baina gu aurrera goaz: pauso bat aurrera gure eskubideen eta askatasunen alde».
Udalerriaren izaera ere hizpide izan dute, balioa emateko, hain justu ere. Izan ere, haren izaera agerraldian elkartutakoen konfluentziak marrazten duela sinistuta dago herri ekimena, eta udalerria, anitzen arteko herri komunitarioa, askotarikoen arteko aliantza dela gaineratu du: «Sinetsita gaude gure herriaren alde elkarrekin ekinez, eskubide eta askatasun gehiagoren alde lerrokatuz, oldarraldi faxistari ateak itxiko dizkiogula».
Ostiraleko manifestaziora herritar guztiak deitu dituzte gaurko agerraldian, «Herriko Plaza honetatik abiatuta, mobilizazio zabal, indartsu eta alai bat egingo dugu herrian zehar. Herriko zenbait eragile eta norbanakok deitutako mobilizazioa da eta herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu».
Faxismoaren oldarraldiari galga jarriko dion manifestazioa 19:00etan abiatuko da.
Espainiako eskuin muturreko alderdiak haren propaganda zabaltzeko postua jartzeko baimena eskatua zuen, eta gaur onartu diote eskaera. Hala jakinarazi dio Hitzari Errenteriako Udalak. Larunbat goizean Zumardian postua jartzeko baimena eskatu du, zehazki.
Ez da Espainiako eskuin muturreko alderdietako ordezkariak Errenteria-Oreretan diren lehen aldia. 1998ko maiatzaren 31n Ricardo Sainz de Ynestrillas AUN alderdiko (Alianza por la Unidad Nacional) buruzagi ultraeskuindarra beste 20 kiderekin izan zen udalerrian. Epaile batek baimendu zuen. Herritarren erantzuna erabatekoa izan zen, herri osoa irten zen kalera faxismoak lekurik ez duela esateko ozen.
Gertuagokoa da Ciudadanos Espainiako alderdiak egindako bisita. Besteak beste, Albert Rivera panorama politikotik izen horrekin desagertuta dagoen alderdiaren buruzagi zena. Mitina egin zuen alderdi horrek Foru plazan eta lazo horiz beteta esnatu zen egun horretan plaza hori, Kataluniari keinu egiteko. Herritar ugari bildu ziren Riverari berari eta bere alderdiari ez zirela ongi etorriak esateko. Ikerketa abiatu zuen fiskaltzak gutxira, herritar horiek mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin zuten argitzeko. Ikerketa horren oinarrian, berriz, Albert Riverak Ciudadanoseko garaiko buruak aurkeztutako salaketa. Salaketarekin batera, hainbat argazki eta bideo aurkeztu zituen froga modura, eta antza, horietan azaltzen ziren lagunek jaso zuten auzitegira joateko zitazioa. Denera 23 herritar auzipetu zituzten.
Bi horiekin egin bezala, larunbatean alderdiaren propaganda banatzeko Vox Espainiako alderdi ultraeskuindarrak egindako eskaera, “probokaziotzat” jo dute asko eta askok. Egindako azken hauteskundeetan, Eusko Legebiltzarreko bozketan hain zuzen ere —2024ko apirilaren 21ean— 278 boto jaso zituen Vox alderdi ultraeskuindarrak Errenteria-Oreretan, emandako botoen %1,63.
Larunbatean herriko kaleak eta etxeetako balkoiak eta leihoak aldarriz betetzeko eskatu die herri ekimenak herritarrei, “gure herri izaera sendotzeko”, eta beste eskaera bat ere luzatu die Vox edo faxismoaren edozein adierazpen gutxiesteko eta probokazioetan ez erortzeko, “gure herrian eta gure bizitzetan hutsalak izaten jarrai dezatela! Oraina borrokatuz, gurea da etorkizuna”.
Ondoko bideoa Ynestrillas Errenteria-Oreretan izan zenean OTBk grabatua da, eta Zintzilik Irrati Libreak egindako Herri baten historioa. 27 urte ez dira ezer! dokumentaletik ateratakoa.