argia.eus
INPRIMATU
Olaztiko Koskobilo harrobia “lehengoratzeak”, aztarnategi arkeologikoa erabat deuseztatuko duela salatu dute
  • Cementos Portland Valderribas enpresak 100.000 metro kubo material eraman nahi du harrobi zaharrera. Lurra Nafarroa elkartearen ustez, ordea, 1940an harrobiko leherketek agerian utzitako  historiaurreko aztarnak ezin izango dira berreskuratu, plana aurrera ateraz gero.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko otsailaren 11

Koskobilo harrobi zaharra “lehengoratzeko” plana (pdf) aurkeztu du Cementos Portland Valderribas Olaztiko enpresak. Horren arabera, 100.000 metro kubo material eraman nahi dituzte bertako pareten kontra, geruzaz geruza dena bete arte, eta horrela, “ingurune hurbilenarekin bat datorren forma eta izaera izan dezan”. Horrek, baina, aztarnategi paleontologiko eta arkeologiko garrantzitsu bat izan zitekeenaren azken arrastoak deuseztatzea ekarriko du.

Harrobia Cementos Portlandek ustiatu zuen urte luzez. 1940 inguruan, leherketa batek zulo edo sima handi bat agerian utzi zuen Koskobilo mendiaren hegoaldeko partean, sei metroko oinarria zuena eta sedimentu ugarirekin. Harrobiko langileburuak letagin handi bat helarazi zion Máximo Ruiz de Gaona mikropaleontologo eta naturalistari, eta hala jakin zuten gune arkeologiko baliotsu baten aurrean zeudela: “Nafarroako aztarnategi interesgarriena”, Ruiz de Gaonaren arabera. Hogeitasei ornodun mota desberdinen aztarnak zeuden, tartean errinozeroa, orein erraldoia, leize-hartza eta makakoarenak.

Baina harrobiko lanek aurrera jarraitu zuten gerraoste ilun hartan eta zuloa desagerrarazi zuten. 1950eko hamarkadan Ruiz de Gaonak harrobiaren arrastoetan aztarnak bilatzen jarraitu zuen ordea, industria litiko garrantzitsua aurkituz: suharrian egindako historiaurreko gizakiaren 5.000 pieza baina gehiago. Beste ikerlari ezagun batzuek ere makina bat aztarna aurkitu zituzten harrobiko hondakinen artean, hala nola Joxe Migel Barandiaranek edo Maria Amor Beguiristainek. Moustier alditik Solutre aldirainoko tresna horiek komunitate zientifikoarentzat oso baliagarriak izan dira euren ikerketak egiteko, 1984an emaitzak aurkeztu zirenetik.

Harrobiaren kontzesioa 2014an amaitu zitzaion Cementos Portlandi, eta Nafarroako Gobernuak eskatuta, “lehengoratze” plana aurkeztu du. Plan hori 2020ko amaieran jarri dute publikoarentzat irakurgai, helegiteak aurkeztu ahal izateko.

Compañia RRR-ren webgunean irakurri dezakegunez, Olaztin araztegi bat egitearekin batera aurkeztu da proiektua, eta horrek ahalbidetu du harrobia hondakindegi bezala erabili ahal izatea. 7.000 kamioikada erabiliko lituzkete horretarako, bost urtez.

"Susmoa dugu hondakinak gainetik kendu nahi dituztela"

Lurra Nafarroa izan da alegazioak jarri dituenetako bat. Honen arabera, Koskobilo oraindik ikerketarako gune oso garrantzitsua da, Pirinio mendebaldeko kuaternarioko aztarnategia den heinean, eta material hori guztia gainera botatzeak ezinezko egingo luke ikerketa horiekin jarraitzea.

Gainera, elkartearen esanetan, harrigarria da Portlandek alternatiba garestiena aukeratu izana harrobia lehengoratzeko: “Susmoa dugu, aukeraketa horren atzean, 100.000 metro kubo hondakin gainetik kentzeko beharra dagoela”, diote.

Eskatu dute herritarren parte-hartze prozesu bat abian jartzea, harrobia nola lehengoratu behar den eztabaidatzeko eta Koskobilok dituen balioak aintzat hartzeko.

Ruiz de Gaonak langileen ahozko iturrietara jo behar izan zuen, desagertutako “Atapuerca” hura buruan berregin eta bertan aurkituriko aztarnek zer esanahi zuten ulertzeko. Oraingoan, harrobiaren hondakinak ere desagerraraziz gero, norengana jo ez litzateke egongo ordea.