argia.eus
INPRIMATU
Olatz Salvadorrek ‘Aho uhal’ argitaratu du, bakarkako bere bigarren diskoa

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2021eko urtarrilaren 21
Olatz Salvadorrek 'Aho uhal' diskoa argitaratu berri du. Olatz Salvadorrek \'Aho uhal\' diskoa argitaratu berri du.

Olatz Salvadorrek (Amara Berri, 1990) bere bakarkako ibilbidea sendotu du, eta horren emaitza da aurkeztu berri duen Ahouhal diskoa. 2018an Zintzilik argitaratu zuenetik, konposatzen aritu da musikari donostiarra, eta hamabi piezako lana osatu du: “Prozesu luzea izan da, diskoa bera ere luzea da eta badakit garai hauetan disko luzeak egitea ez dela egokia”, nabarmendu du Salvadorrek diskoaren aurkezpen bideoan.

Bidelagun ezinhobeak ditu donostiarrak disko berrian: Pablo Novoa ekoizlea, Ander Zulaika bateria jotzailea, Jagoba Salvador baxu jotzailea eta Mattin Saldias gitarra jotzailea. Era berean, Rozalenekin, Idoia Asurmendirekin eta Ivan Ferreirorekin abesti bana grabatu du. Horretaz gain, Alaia Martin eta Ane Labaka bertsolarien hitzak musikatuz osatu du diskoa Salvadorrek.

Aho uhal izenaren nondik norakoak ere azaldu ditu musikari donostiarrak: “Paradoxikoa iruditu zitzaidan nola gaztelaniaz kontrola hartu edo zerbait gidatzeko konnotazioa daukan hitzak, euskarara itzulita, kontrolatua izatearen konnotazioa hartzen duen, gustatu zitzaidan eta abiapuntu interesgarri bat iruditu zitzaidan abestietan zehar horrekin jolasteko”.

Diskoaren aurkezpen birari ostegunean ekingo dio Salvadorrek, Aretxabaletan. Euskal Herriko hainbat herritan joko du, eta Donostiara otsailaren 7an helduko da. Viktoria Eugenia antzokian joko du, 19:00etan. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke, 15 euroren truk.

Jarraian, Salvadorren diskoaren aurkezpen bideoa, abestiz abestiko azalpenekin: