argia.eus
INPRIMATU
OlatuKoopek indarberrituta ospatuko du Azpeitian ‘Saretze Eguna’
  • Lau urte igaro dira ekonomia eraldatzailearen sarea eratu zela eta jadanik 26 dira bertan parte hartzen duten enpresa komunitarioak.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 07a

OlatuKoopek egun berezia izango du larunbatean, hilak 9, Azpeitian. Saretze Eguna ospatuko dute ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan dabiltzan proiektu, kooperatiba eta egitasmoek elkar ezagutzeko.

2014an “olatu kooperatibo berri bat” sustatzeko helburuz sortu zenez geroztik sarea hedatu egin da eta haren partaideak bikoiztu baino gehiago egin dira. Hamalau enpresa komunitario dira dagoeneko OlatuKoopeko  bazkideak eta beste hamabi kideak –ARGIA ere bertan dago–.

Urte osoa barne egituraketan murgilduta egon eta gero “indarberritu” egin da sarea, parte hartzeko aukerak ugaritu eta lantaldeak sortu ditu, baita idazkaritza teknikoa eratu ere.

OlatuKoopek hainbat proiektu jarri ditu martxan lankidetzan urteotan, hala nola bestelako ekintzailetasun sozial bat bultzatzeko KoopFabrika programa edo memoria kooperatiboa eta ekonomia eraldatzailea bisibilizatzeko Batura egitasmoa.

Ekainaren 9an, Saretze Eguna

Zita garrantzitsua dute datorren larunbatean. Goizeko 10.00etatik aurrera Saretze Eguna ospatuko dute Azpeitiko San Agustin kulturgunean: ekintzailetza kooperatiboari buruzko liburu aurkezpena, saretzeari buruzko mahai-ingurua eta hainbat proiektu ezagutzeko parada izango dute bertaratutakoek besteak beste; amaieran bazkaria ere egingo dute.

Egitarau osoa ikusteko eta izena emateko OlatuKoopen webgunera jo daiteke.