argia.eus
INPRIMATU
OlatuKoop Bidasoak hartuko du eskualdeko KoopFabrikaren ardura ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzeko
  • Berrikuntzekin dator hirugarren edizioa. Hasieratik esleituko zaio tutore bat ekintzaile bakoitzari, eta urtarriletik ekainera bitartean irauten duen programa osoan zehar, bi formazio txanda izango dituzte eskuragarri.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 20a

KoopFabrika proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da. 2017an sortu zen, eta azken bi urteotako edizioetan, orotara Ekonomia Sozial Eraldatzaileko 50 proiektu baino gehiagoren sorreran eta kontsolidazioan bide-laguntza eskaini zuen. Gipuzkoako lau eskualdetan egingo da, eta Bidasoa Txingudin, Hiritik At kooperatibak hartuko du ardura aurten, sortu berri den OlatuKoop Bidasoa sarearen baitan. Proiektuak Euskal Herria lan eremu izan arren, modu deszentralizatuan eskualde ezberdinetan eta tokian tokiko sareetan eragin nahi du ekonomia soziala hedatuz eta sustatuz.

Datorren edizioan, 2019ko urtarriletik ekainera egingo denak, ekintzaile talde edo norbanako orori tutore bat esleituko zaio programa hasi orduko. Aurreko bi edizioekin alderatuta, hori izango du berrikuntzarik aipagarriena. Iaz, hiru arlotan banatuta zegoen ikastaroa: hurrenez hurren, Formazio Fabrika –formazio teoriko-praktikoa–, Tutoretza Fabrika –tutore batekin bide-laguntza– eta Saretze Fabrika –lurraldearekin harremana–.

Bi formazio txanda izango dituzte eskuragarri: otsailean egingo den trinkoa, eta beste lau hilabeteetan egingo den zabaldua. Biak ala biak, funtsean iazko Formazio Fabrikaren bide beretik joango dira. Lehena klase intentsibo modukoa izango da, otsaileko lehen bi asteetan burutuko dena. Bestea, berriz, erritmo baxua eramango duen formakuntza saioa izango da, martxoan, apirilean, maiatzean eta ekainean zehar egingo diren formazio teoriko zein praktikoak.