argia.eus
INPRIMATU
Olatu artifizialen Surfcity proiektuaren aurka antolatzen hasi dira herritarrak Sabadellen
  • Surfa egiteko olatu artifizialen 140 metro luzeko igerileku bat, bigarren igerileku bat, jatetxe bat, bi taberna, skatepark bat eta aparkalekua. Horixe da Sabadell Surfcity izenburupean udalak eta enpresa pribatu batek aurkeztu duten proiektua. Hamalau milioi euroko inbertsioa eskatuko luke, 2024rako ireki nahi dute eta proiektuarekin asaldatutako herritarrak antolatzen hasi dira aurre egiteko.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko apirilaren 25
Olatu artifizialen igerileku proiektua, Sabadellen.

"Ezin diogu jendeari eskatu larrialdi klimatikoaren testuinguruan, ura aurrezteko, energia gutxiago kontsumitzeko eta abar, eta, aldi berean, Udalak, inolako kezkarik gabe, uste du une egokia dela makropiszina bat egiteko Ripolleko ibai-arroan", salatu du Adenc elkarte ekologistako kide Joan Carles Sallasek La Directa hedabidean irakurri dugunez. "Proiektuak 5.000 edo 6.000 metro koadroko igerilekua hartzen du, eta horrek esan nahi du 6.000 metro kubiko hormigoi eta 20.000 metro karratuko zoladura eskatzen duela".

Udalak proiektua aurkeztu eta astebetera, Aldenc eta inguruetako bizilagunen mugimenduak asanblada irekia deitu zuten eta 100 lagunetik gora bildu ziren. Bertan erabaki zuten Plataforma en Defensa del Ripoll (Ripollen Defentsarako Plataforma) sortzea.

Abenduan aurkeztu zuten Tarragonan Wavegarden euskal enpresak egin nahi duen Barcelona-Cunit surf park proiektua eta Sabadellekoa hura baino lehenago egin nahi dute, La Vanguardian jaso dutenez. Enpresa hori da Donostian surf parkea egin nahi duena.

Proiektuak kezkatutako herritarren asanblada irekia. (Ràdio Sabadell).

Bestalde, PSCren alkatetza duen udal-gobernuak esan du proiektu guztiz "jasangarria" dela. Nabarmentzen dute urak zirkuitu itxian zirkulatuko lukeela eta hornidura elektrikoa eguzki-plakekin eta energia berdearekin egingo luketela. Gaineratu dute hiriaren proiekzioa, kirol-turismoa eta 65 lanpostu emango lituzkeela proiektuak.

Udal gobernuak iragarri du berrogei urterako utziko lizkiokela enpresari lursail publikoak. Hori dela eta, Adenc elkarteko lehendakariak uste du ezin direla lursail publiko batzuk 14 milioi euroko proiektu batekin hipotekatu. Bere ustez, proiektuak ez badu funtzionatzen, "hilerri bat bezala" geratuko direlako han eta administrazio publikoak konpondu beharko duelako eragindakoa.

Surf parkea eraiki nahi duten lekua, gaur egun, Ripoll ibaiaren alboan. (Arnau Fortuny / La Directa)