argia.eus
INPRIMATU
Olarizuko bizilagunek 35 alegazio aurkeztu dituzte Gasteizko Udalaren desalojo asmoen aurka
  • Langabeziak eta prekaritateak bultzatu dituela okupatzera azaldu dute. Udalari eskatu diote kriminalizazioa eta presioa baztertu eta etxebizitza alternatiba bat eskaintzeko. Prentsaurrekoan hainbat herri mugimenduk babesa adierazi diete bizilagunei.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 05
Argazkia: ARGIA

Ostegun goizean prentsaurrekoa egin dute Gasteizko Olarizu hiribideko etxeko bizilagunek, udalaren aurrean. Dozenaka lagun bildu dira, Olarizuko bizilagunak eta hainbat mugimendu eta elkartetako kideak. Gogoratu dute urriaren 20an jakinarazi ziela udalak beraiek etxeetatik kanporatzeko administrazio prozesua, eta hamar eguneko epea zutela alegazioak aurkezteko. Astelehenean, azaroak 2, 35 alegazio aurkeztu zituzten bizilagunek. Azaldu dute Olarizuko udal jabegoko etxebizitza abandonatuak okupatu badituzte alokairurik ordaintzeko ezinagatik dela, “langabezia eta prekaritate” egoeren ondorioz. “Etxebizitza da arazoa, ez gu”, salatu dute.

Beste alternatibarik ez dutelako bizi dira bizitzeko baldintzarik ez duten etxebizitzetan, azaldu dutenez. Udalaren presioa salatu dute. Kanporatzeko bide administratiboa abiatuko duela jakinarazi ostean Udaltzaingoa 24 orduz dago etxebizitzetan, “presio psikologikoa sortzen diguna”, eta udalak kontratatutako enpresa bat okupatu gabe dauden etxebizitzak barrutik apurtzen ari da. Udaltzainek bi argi-sorgailu lapurtu dizkiela ere ziurtatu dute. Horrez gain, 2019an udalak argia eta ura moztu ziela gogoratu dute.

Euren egoera etxebizitza larrialditzat hartua izatea eskatu dute Olarizuko bizilagunek, eta gizarte zerbitzuen bitartez irtenbide kolektibo bat ematea: “Udalerri honetako herritar garen aldetik etxebizitza bat izateko daukagun eskubidea ez urratzeko eskatu dugu. Arazo honi irtenbide kolektiboa ematea proposatzen dugu, ez partikularra”. 40 familia inguru bizi da une honetan Olarizuko etxebizitzetan, haur jaio berriak, pertsona nagusiak edo haurdun dagoen emakume bat tartean. Nigerian, Kolonbian edo Gasteizen jaiotako pertsonak daude haien artean.

Herri mugimenduen babesa

Bizilagunek hitz egin ostean, Gasteizko herri mugimendu eta elkarteetako kideek hartu dute hitza desalojo arriskuan dauden bizilagunei “babesa” adierazteko –bazterkeriaren aurkako eta eskubide sozialen aldeko kolektiboetako eta espazio okupatuetako kideak egon dira prentsaurrekoan, besteak beste–. Udalaren eta Gorka Urtaran alkatearen jarrera gaitzetsi dute, desalojoarekin larria den egoera larriagotu egingo dela salatuz: “Kalea ez da alternatiba”. Urriaren 29an EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek EAEko Legebiltzarrean egindako adierazpena ekarri dute gogora: “Okupazioaren aurka borrokatzeko biderik eraginkorrena etxebizitza-politika publikoak indartzea da, bereziki alokairua bultzatzen dituztenak", dio adierazpenak. Udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSEri aurpegiratu diete legebiltzarrean sinatzen dutenaren aurka egitea Gasteizen.