Sei Polizia operazio. Ondoko etxe blokeko bizilagun batzuk uneoro argazkiak egiten sartu edo irteten den orori. Argazki horiek eta Poliziaren iturriak erabiltzen dituen kazetaritza kriminalizatzailea. Hori dena sustatzen duen udal gobernua. Gasteizko Olarizuko etxe okupatuetako atari baten azken hiru asteetako historia da, inguruko beste edozein atarirena izan zitekeena.
Udaltzaingoa atarian sartu zen maiatzaren 7an, gauez, atea kolpatuz, baimenik gabe eta legez kanpo, hiru adingabedun familia bat modu zakarrean identifikatuz eta mehatxatuz, etxean ziren beste hiru laguni isuna jarriz, operazioaren irudiak hartzen ari zen ARGIAko kazetariaren lana gezur eta zemai bidez eragozten saiatuz. Identifikatutako familia argirik eta urik gabeko etxe horretan zegoen konfinamendu erdian bizi ziren gelatik kanporatu zutelako, eta horren aurrean zerbitzu sozialek ez ziotelako inongo baliabiderik eskaini –estatuko beste hiri baterako autobus txartela salbu–. Hurrengo hiru asteetan Polizia beste bost aldiz behintzat sartuko da atarian.
Polizia-polizia
"Hurrengo hiru asteetan Polizia beste bost aldiz behintzat sartuko da atarian"
Maiatzaren 12an, Ertzaintza agertu zen, berriz ere baimenik gabe sartuz atarian, familia berbera berriz ere identifikatzera, berriz ere mehatxu berdinak egiteko –legez kanpo ari zirela, delitua egiten, eta kanporatzeko prozesua abiatuko dutela–. Maiatzaren 16an udaltzaingoa agertu zen, modu berdinekin baina atariko beste etxebizitza batera, ataria irekitzeko metro luzeko burdinazko barrarekin. Maiatzaren 26an eta 28an, eta ekainaren 1ean, atzera udaltzaingoa, atari bereko pisu batean bizitzera sartu nahi zuten bi pertsonen aurka egitera lehenbizi –usurpazioagatik inputatu eta etxetik kanporatu zituzten–, hormatutako ateak are gehiago hormatu zituzten langileekin, beste batean. Aldi guzti horietako bakarrean ere ez dute atariko atea jo eta baimena eskatu sartu aurretik.
Polizia-bizilagunak
“Ezohiko” mugimenduren bat dagoen aldiro, ordu edo minutu gutxi batzuetara agertu da Polizia atarian. Oro har Poliziaren presentzia nabarmena da inguruan, kalez jantzitako poliziena ere, seguruenik. Baina, horrek baino, Poliziaren eraginkortasuna azaltzen duena pareko etxebizitza blokeko bizilagun gutxi batzuen etengabeko zelatatze-salatari lana da. Ez sinestekoa. Etxebizitza okupatuetako bizilagunek normalduta dute atarietara sartu eta irtetean pareko balkoietatik norbait ikustea eurei argazkiak ateratzen. Baita umeei ere. Pertsona berri bat edo ezohiko deritzoten mugimenduren bat ikusten dutenean Poliziari deitzen diote, etxebizitza berri bat okupatzen ari direla susmatuz-edo. Minutu gutxira han da udaltzaingoa, “delitu in fraganti bat ekiditera gatoz” jarreran.
"Poliziaren eraginkortasuna azaltzen duena pareko etxebizitza blokeko bizilagun gutxi batzuen etengabeko zelatatze-salatari lana da. Ez sinestekoa"
Polizia eta salatari lanetan dabiltzan bizilagun horien jarrera kuriosoa da, zinez. Kopeta izatea aurpegiratzen diete, palazio bat okupatu balute bezala, bizitzeko aukera onena bezala argirik eta urik gabeko eta poliziez betetako toki bat dutenei –bestea kale gorria da–. Udalak ura edota argia berrezartzearen aurka oldartzen dira, esanez pribilegioa litzatekeela, haiek ordaintzen dutela ura eta argia. Kuriosoa da. Udalak hustu eta abandonatu zituen etxe horietan bizi zen jendea da gauza horiek esaten dituena. Etxebizitza zahar horien ordez ondoko babes ofizialeko etxebizitzak eman zitzaizkien. Ez dute kexarik, ordea, diru publikoarekin subentzionatutako etxebizitza jabego pribatuan jasotzeko “pribilegioagatik”. Kuriosoa da. Ulertzen dute edozein pertsonari, edozein umeri argazkiak ateratzea dutela, eta argazki horiek publiko egitea. Baina ARGIAko kazetariak argazki bat atera zionean horietako bati, hain larria iruditu zitzaion Poliziari deitu ziola berriz. Eta ez zuela bakerik eman poliziak kazetaria identifikatu zuen arte, badaezpada argazkiarekin zer egingo ote zuen, bere balkoitik “zuk zergatik atera behar didazu argazki bat niri!” oihukatzen zuen bitartean.
Polizia-kazetaritza
Irudi eskubideen inguruko pasadizo hartatik hiru egunera, El Correo egunkariak polizia-bizilagun horietako baten balkoitik ateratako argazki bat erabili zuen berri batean. Aurreko egunean ateratakoa, eta sinadura anonimo batekin: BAE. Ez da lehen aldia. Olarizuko “bizilagun legalak” izendatzen dute beren burua gainontzeko bizilagunen aurka egitea exijitzen duten horiek. Aipatu egunkarian predikamendu handia du elkarteak, nortzuk diren eta zenbat inork ez dakien arren.
"Hilabeteak dira El Correo buru-belarri ari dela Olarizuko etxe abandonatuetan bizi direnen aurkako kanpainan"
Jazarpen mediatikoa orokorra bada ere, hilabeteak dira El Correo buru-belarri ari dela Olarizuko etxe abandonatuetan bizi direnen aurkako kanpainan. Iturri nagusitzat “bizilagun legalak” eta batez ere Polizia erabilita. Gertatzen den edozein gatazkari ahalik eta oihartzun handiena emanez. Beste behin, Gasteizko bazterkeriaren eta arrazakeriaren aurkako mugimenduetan aski ezaguna den kazetariaren protagonismo nabarmenarekin. Bazterkerian eta arrazakerian sakontzeagatik ezaguna hain zuzen ere, iturri polizialen erabilera eta sentsazionalismoa ikur
Polizia-udaletxea
Kriminalizazio kanpainaren arduradun nagusia, edonola ere, Gasteizko Udaletxea da. Aspaldi abiatu zuen jazarpen mediatikoa, Poliziarena eta politikoa. Kontatzen ari garen hiru asteetara mugatuta, bere ardurapean dagoen udaltzaingoaren jarreraz gain, nabarmentzekoa da Arartekoak zein Sindikoak (Gasteizko Herritarren Defendatzaileak) publikoki adierazi dutela udalak ura berrezarri beharko lukeela Olarizuko etxeetan, besterik ez bada koronabirusaren larrialdian ezarri diren higiene neurriak bermatu ahal izateko. Ezetza eman die biei.
"Olarizu. Polizia mentalitatedun polizien, bizilagunen, kazetaritzaren eta politikarien bazka"
Udalak dio Olarizuko etxe abandonatuetan bizi diren pertsonak larrialdietarako zerbitzu sozialetara jo behar dutela. Luis Álavarez urte eta erdiz bizi izan zen Olarizun eta konfinamendua etxegabeentzako Lakuako zentroan pasatzen ari da: “Esaten digute, ‘zuena bai kopeta, etxea musu-truk nahi duzue’. Alkateak prentsaren bidez San Antonioko Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuetara bidaltzen zaitu, joan eta esaten dizute ez dagoela tokirik inon”. Sindikoak azaldu duen bezala: "Badira [gizarte larrialdietarako zerbitzu sozialetara] joan diren Olarizuko familiak, baina bertan bizitzen jarraitzen dute, beraz ezin izan zaie alternatiba bat eskaini”.
Olarizu. Polizia mentalitatedun polizien, bizilagunen, kazetaritzaren eta politikarien bazka. Eskerrak badiren polizia mentalitate horren aurrean elkartasun eta komunitarismora jotzen duten pertsonak eta taldeak gure hirian.