argia.eus
INPRIMATU
Olaia Beroiz: “Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da”
  • Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea; berriz errepikatzea nahi ez badugu ezinbestekoa da", adierazi zuten Txantrea Auzo Ekimeneko kideek. Kale horiek eramanen dituzten plaken erreplika eman diete errepresaliatutako emakume horien senideei. Olaia Beroizen birramona da horietako bat eta Euskalerria Irratian kontatu du haren historiaren pasartea. 

Euskalerria irratia @fm983irratia Maialen Huarte Arano 2024ko apirilaren 29a

Frankismoan errepresioa pairatu zuten hamar emakumeren izenak kale izendegi bilakatu dituzte Txantrean. Auzoko kaleetako karteletan ageriko dira Julia Bea Soto, Dora Serrano Baztan, Aurora Gomez Urrutia, Maria luisa Elio Bernal,, Josefina Gerendiain Caro, Nemesia Baztan Turrau, Ramona Zapatero Zapatel, Matilde Huitzi Navaz eta Mari Carmen Huder Carlosena. Euren izenak hartuko dituzte kale eta plazek hemendik aurrera. Hala, memoriarako "baliagarria" izanen da espazio publiko hori eta gogoan izanen dituzte Txantrean.

Iruñeko Udaleko alkatea, Joseba Asiron eta gainerako alderdietako zinegotziek kale izendegiko plaken erreplika bana eman diete emakume horien senitartekoei. Txantrea Auzo Ekimena taldeko kideen babesa izan du ekitaldiak ere: "Bizitako hura errepika ez dadin ezinbestekoa da herriak memoria izatea eta gaurko ekimena horretara bideratuta dagoela uste dugu", esan du taldeko ordezkarietako batek.

Nemesia Baztan Turrau

 "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da", esan du Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan Olaia Beroizek, Nemesia Baztan Turrau zenaren birbilobak. Ez zuen ezagutu Beroizek bere birramona, baina amona Consuelok asko hitz egin zion bere ama zenaz: "Jandako errepresioaren berri kontatu digu beti. Nola, gorritzat jo zituzten eta nire birbilobaren senarra lanetik atera zen egun batez fusilatu zuten. Ez dugu oraindik haren gorpurik aurkitu. Amona Consuelo duela sei hilabete zendu zen pena horrekin. Poza ere bazuen atzoko ekitaldiaren berri jakin zuelako", azaldu du Beroizek. Elkarrizketa osorik entzun daiteke hemen: