argia.eus
INPRIMATU
Okzitaniako Tolosa zeharkaturik, Mediterraneora bidean dabil Alternatiba Tourra
  • Larunbatean, ekainak 13, Tolosatik  pasa ostean, Mediterraneora bidean doa Baiona eta Donostian 5ean abiatutako Alternatiba Itzulia. Astelehenean Carcasona (Carcassona okzitanieraz) hiri historiko famatuan ibiliko da, asteartean ukituko du itsasoa Narbonan eta heldu den igandean Arles (Arle) zaharrean geldituko da.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko ekainaren 15
Alternatiba Itzuliko ekintzaileak larunbatean, ekainak 13, iritsi ziren Okzitaniako Tolosara. (Argazkia: 1000 Alternatiba Twitter bidez)

San Antonio egunez, ekainak 13, Tolosako taldeak hiri atarian egin zion ongi etorria Alternatiba Tourrari, ondoren elkarrekin hiri gorria bizikletaz zeharkatu eta etapa amaierako festatxoa burutzeko.

Ekainaren 15ean abiaturik Canal du Midi famatuaren ertzean dagoen Castelnaudarytik, Carcasonan egingo dute geldialdia Alternatibako bizikleta erraldoietan doazen ekintzaileek. Bost kilometroren faltan dozenaka boluntario ziren azaltzekoak bizikletetan azken bost kilometroak egiteko. Carcasonako etaparako iragartzen den egitarauak ematen du Alternatiba Tour honek daraman giroaren tenperatura: ahal duten hiri eta herrietan Baionan, Zokoan eta Donostian egindako Alternatiben Herrixken tankerakoak antolatzen saiatzen dira.

Carcasonako gaztelu mitikotik 300 metrora antolatu dute astelehen arratsalderako Le Village des Alternatives, hainbat ataletako erakusketa eta etxolarekin: Nekazaritza eta elikadura, Hondakinak eta birziklatzea, Ekonomia, Finantza eta Kontsumo arduratsuak, Hezkuntza, Habitat eta eraikuntza, Solidaritza eta partikatzea, Demokrazia eta bortizkeriarik eza...

Asteartean Narbonara doa Alternatiba Itzulia, ostegunean Setara (Sète) iritsiko da, ostiralean Montpelhièrrera (Montpellier), larunbatean Nimesera eta igandean Arle (Arles) zaharrera.

Alternatiba Itzulia Tolosan. (Arg: Bizi)