"Historikotzat" jo du otsailaren 27an plazaraturiko epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak. Bere aldetik, epaiaren "krudelkeria" salatu eta helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako Estatuak. Duela hogei urte baino gehiago jarri zuten martxan Okzitaniako Castres eta Tolosa lotzeko A69 autobidearen proiektua.
2.877 zenbakiaren azala bideratu zion ARGIAk Okzitaniako A69 autobidearen kontrako mobilizazioari, Sukar Horia kolektiboko kide batzuk barnetik ezaguturik, mugimendu horren berri eman zigutelako. Jakin herritarren mugimenduak fruituak eman dituela: Tolosako (Okzitania) auzitegi administratiboak ezeztatu du obrak baimentzen zituen prefetaren ordenantza. Hori horrela, eraikuntza obrak "ilegalak" izanik, bertan behera gelditu dira.
"Historikotzat" jo du epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak: "Garaipen juridiko bat izateaz gain, erresistentzia askotarikoaren garaipena ere bada". A69 autobidearen aurkako borrokan dabilen La voie est libre [Bidea libre] kolektiboak ere txalotu egin du epaia: "Erabaki horrek aukera ematen digu orrialdea itzultzeko eta okerrena saihesteko, ingurumenaren eta lur emankorren alde. Denok garraiobide seguruak eta doakoak eskuratzeko bidean pauso berri bat da. Datozen hamarkadetan finantza publikoan zuloa eragingo zuen porrota finantzarioa saihestu dugu".
Bere aldetik, erabakia "krudeltzat" jota, helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako Estatuak. Philippe Tabarot Garraio ministroak harriduraz eta haserre hartu du epaia, ikusita obren "bi herenak eginda" direla.
Duela hogei urte baino gehiago jarri zuten martxan Okzitaniako Castres eta Tolosa lotzeko A69 autobidearen proiektua. Proiektuaren bultzatzaile nagusia izan da hasieratik lekuko burgesia, Castres hiriko Pierre Fabre farmazeutika laborategia buru. 1962an sorturiko laborategia handituz joan zen, eta hasieratik zuen estrategikotzat laborategiak Tolosarekin eta bertatik Frantzia osoko autobide sarearekin lotzea.