argia.eus
INPRIMATU
Okupazioaren kontrako kanpainak %30eko etekinak eman dizkie segurtasun enpresei
  • Securitas, Prosegur eta ADTk gorakada handia izan dute bezeroen poltsan. Abuztuarekin batera, Espainiako Estatuko hedabide handietan ugaritu egin dira etxe okupazioen inguruko albisteak, eta segurtasun enpresa horiek mugimendua “intoxikatzeko” kanpaina abiatu dutela salatu dute eragileek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko irailaren 01

“Lapurren nola okupazio baten aurkako alarma ekipoa daukagu”, dio Securitas Direct enpresako iragarkiak irratian. Esaldi horrek bete-betean borobiltzen du okupazio mugimenduen inguruan azkenaldian hainbat hedabide handitan zabaltzen ari diren mezua.

La Marea hedabidean Dani Dominguez kazetariak azaldu duenez, abuztuaren 10etik 17ko astean Antena 3 espainiar telebista katean egunero eman zen albisteren bat okupazioaren “arazoaren” inguruan. Beste hedabide batzuetan, “desokupazio” enpresetan aritzen diren morroiei egiten dizkiete elkarrizketak, eta “benetako infernua” bizitzen ari diren etxejabeen testigantzak emanten dira.

Ez da aurten lehen aldia gertatzen dena, baina oporretako sasoi honetan inoiz baino gehiago hedatu da okupazio mugimenduaren aurkako intoxikazioa hedabideetan; CEP Espainiako Poliziaren Konfederazioak “antiokupazioaren lege” bat ere eskatu du jadanik.

Atzean sakoneko arrazoiak daude, etxebizitzaren krisitik hasi eta badatorkigun krisi ekonomiko latzeraino: “Alarma sozial hori ‘ke-gortina’ bat da Gaiaren funtsaz ez hitz egiteko –azaldu du Alejandra Jacinto abokatuak El Salton–; izan ere, okupazioak, azkenean, herrialde honetan dagoen etxebizitzarako sarbiderik eza islatzen du. Bermatuta balego, ez litzateke beharrezkoa izango higiezinak okupatzea etxebizitzarako eskubidea autokudeatzeko".

Baina momentuko diru gosea ere bada. Segurtasun enpresa handiek euren bezero kartera izugarri handitzen ikusi dute azken asteotan; esaterako, ADTk %30 bezero gehiago lortu du kanpaina honekin Expansion-en arabera, eta Securitas, Prosegur eta antzeko enpresek ere irabazi handiak lortu dituzte: “Sentsazioek etekinak sortzen dituzte. Beldurrak baldin badira, are gehiago”, laburbildu du Oscar García ekonomistak bere Twitter kontuan.