argia.eus
INPRIMATU
Okupazio feminista Bilboko Errekalde auzoan
  • “Emakume, bollera, trans eta feministek” okupatu dute urte batzuk hutsik zeramatzan Bilboko Errekalde auzoko eraikina. Facebooken zabaldutako komunikatuan adierazi dutenez, borroka eta bizi espazio antipatriarkala garatuko dute bertan. 

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 13a
Inolako zapalkuntzan oinarrituko ez den topagunea sortzea da helburua (argazkia: herrikolore.org)

Okupazioaren bidez, Bilboko desindustrializazio prozesuaren ondorioz hutsik dauden eraikinen egoera salatu dute, horrelakoak “enpresari boteretsuen mesedetan” gertatzen direla nabarmenduz. Egoera hau bultzatzeko kapitalismoa eta patriarkatua etengabeko elkarlanean daudela adierazi dute, eta horregatik dela ezinbesteko “inolako zapalkuntzan oinarrituko ez den topagunea sortzea”.

Bilbon borroka feminista garatzeko espazio autogestionatu eta autonomoen falta zegoela ikusita, hutsune hori bete nahi dute Entrecanales doktorearen kaleko 4. zenbakiko okupazioarekin: “Gure behar eta desioak entzunez, espazio hau ez-mistoa izatea erabaki dugu”, adierazi dute komunikatuan.

Larunbatean egin dute etxea txukuntzeko lehen auzolana. Poliziaren jazarpena lehen egunetik jasan badute ere, ez direla kikilduko eta espazio askea eraikitzen jarraituko dutela jakinarazi dute okupek.