argia.eus
INPRIMATU
Okupaturiko Frantziako zergen egoitzatik bakegileak kanporatzen ari da polizia
  • Bakegileen izenean herritar talde batek Frantziako zergen egoitza okupatu du Miarritzen goiz honetan. Ekintza euskal presoen alde dela adierazi dute, eta iragan hilean zio berarekin Baionako suprefeturaren aurrean egindakoaren ildokoa da.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 01
Argazkia: @Artisans_Paix

Bakearen Artisauak eta Bake Bideaneko kideak euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko oihuekin sartu dira egoitzara goizean eta eguna pasa dute bertan. Bertaratzeko deia luzatua zieten herritarrei, gaua zergen egoitzan pasatzeko asmoz, baina polizia etorri da eta 19:00tan hasi da ekintzaileen kanporatzen. Iurre Bidegain kazetariak txio bidez eman du unearen berri:

Iragan abenduan iragarri zuten bakegileek beste estrategia bati helduko ziotela, eta jadanik bi ekintza egin dituzte haren itzalean. Lehena iragan otsailaren 18an egin zuten Baionako suprefeturaren aurrean, eta hau da bigarrena. Okupatzaileek galdegin diote Frantziako Gobernuari ea non diren euskal presoekiko bere konpromisoak, adieraziz bake prozesua aspaldi hasi zela Aieteko Konferentzian eta badela ordua urrats sendoak emateko.

Gogorarazi dute, halaber, Yvan Colona preso korsikarraren heriotza Frantziako Gobernuaren espetxe politikaren ondorio izan dela, eta berretsi dute ekintza mota honekin jarraituko dutela espetxe politika aldatu arte. Azpimarratu dute, gainera, Unai eta Jon Parot anaiak eta Jakes Esnal presoak espetxean direla azken 32 urteetan, eta haien askatasuna eskatu dute.

Gaua bertan pasatzeko asmoa agertu dute, 19:00etan afari partekatua egingo dutela eta ondoren Barrura begiratzeko leihoak dokumentala ikusi. Bihar goizerako, aldiz, Hazparneko Harane plazara eta Urruñako Intersport aitzinera deitu dituzte herritarrak.

Beheko txioan ikus daiteke okupazioaren hasiera eta ekintzaren azalpena eta ondorengoan nola ari diren prestatzen gauerako:

 

 

 

Argazkia: Bakearen Artisauak

 

 

 

 

 

Argazkia: Bakearen Artisauak