“Zentsura politikoa” salatu dute OkupaTU Gasteiz Eguneko antolatzaileek, jaiaren plangintza tekniko guztia behar bezala zegoela eta baimenak iaztik onartuak zituztela arrazoituz. Gasteizko hainbat herri-eragileren urteurrenak aprobetxatuz, jai bateratua prest zuten urriaren 6rako Hala Bedi (35 urte), Gaztetxea (30 urte), Auzolana (10 urte) eta Errekaleorrek (5 urte). Hala Bedin jaso dutenez, datozen egunetan azalpen gehiago emango dituztela eta urriaren 6an OkupaTU Gasteiz Eguna egin egingo dela adierazi dute antolatzaileek.
Oraindik ez dakite zehazki zer egingo duten, baina urriaren 6an OkupaTU Gasteiz izango dela ziurtatu dute. “Eskubide urraketa salatzeko” eta gertaera hauen nondik norakoak zehazteko, azalpen gehiago emango dituzte hurrengo egunetan.
Dinamikaren izena ez du gustuko Udalak
Antolatzaileek kontatu dutenez, jaia iragarri eta egun berean, Udaletik deia jaso zuten, egun horretan ez zela festarik izango esateko, “eta besteak beste dinamikaren izena argudiatu zuten”.
Beheko kartelean ikus daitekeenez, kontzertuak, umeentzako jolasak, bazkari herrikoia, kale animazioa, tailerrak, DJak, azoka… aurreikusten ditu OkupaTU Gasteiz Egunak.