20 pertsona inguru joan dira Bruselara Oiolako urtegiaren egoera aztertu eta neurriak hartu daitezen eskatzera.
Uraren Euskal Agentziak ekainean egindako analisiak litroko 39,40 nanogramo lindano neurtu zituen Oiolako uretan. Zenbaketaren “larritasunaz” ohartuta hirugarrengoz Bruselara jotzea erabaki dutela esan du Javier Vazquez, Oiolako Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataformako bozeramaileak Info7 irratian egindako elkarrizketan.
Salatu duenez, ez da Oiolako Urtegiak Europar Batasunak ezarritako mugak gainditzen dituen lehen aldia.
Vazquezek esan du, Bruselara jotzen duten hirugarren aldia dela baina ez dutela “beste aukerarik” ikusten: “Hirugarrengoz etorri gara, lehengo egoera berean gaudelako”.
Bidaiaren helburuak, ikerketa batzordea irekitzea eta legebiltzarkideekin batu eta arazoaren aurrean neurriak hartzera “behartzea” direla zehaztu du Vazquezek.
Barakaldoko Udalaren jarrera ere salatu du, Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataformako bozeramaileak: “Esaten digute denetan urtegirik kontrolatuena dela, baina gero uraren maila jaitsi eta ohartu ere ez dira egiten”.
Urtegia deskonektatuta
Udalak bost aldiz deskonektatu du urtegia Barakaldoko ur-hornikuntzatik. Azkeneko aldiz urriaren 3an. Hala ere, Udalak lidano kutsadura ukatu du. Arrazoia, urtegiko ur-maila baxua dela dio, baina kutsadurarekin zer ikusirik ez duelakoan dago. Vazquezek uste du “zenbat eta ur gutxiago, kutsadura kontzentratuago dagoela, eta beraz, arriskutsuagoa dela”.
Plataformako bozeramaileak gogoratu du, Oiolako urtegiko ura Barakaldoko, Sestaoko eta Alonsotegiko 100.000 pertsonaren etxeetara iristen dela eta dei egin die bertoko zein kanpoko agintariei arazoa konpontzeko.
Gaineratu du, Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataformaren helburu bakarra, “agintariek okertzen dutena zuzentzea dela”.