Joan den azaroan Marina Albiol (Izquierda Unida) eta Josu Juaristi (EH Bildu) europarlamentarioen bisita jaso eta gero, Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako zenbait kide Europako Parlamentuan izango dira martxoaren 14 eta 15ean, bertako Eskaera Batzordean Oiolako kutsaduraren arazoaz jarduteko.
Parlamentuko Eskaera Batzordeari ez ezik, Europako Arartekoari, Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzari eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten Espainiako Estatuko alderdi guztiei agertuko diete Oiolako kutsaduraren arazoa. Horretarako, besteak beste, ARGIAk egindako Uraren arazoa Ezkerraldean, konpondu gabeko arazoa bideoaren ingelesezko bertsioa erabiliko dute.
Plataformako kideekin batera Barakaldoko EH Bilduko eta Irabaziko zinegotziak joango dira. Denek ere Espainiako Estatuko Ekologistak Martxanen ordezkaritza zabal baten barruan egingo dute bidaia; lindanoak kutsatutako hainbat guneren arazoa mahai gainean ipini eta hura konpontzeko zortzi puntuko proposamena egitea dute helburu.
Zehazki, Europako Legebiltzarrak inplikatutako erakunde guztien elkarlana bultza dezan saiatuko dira talde ekologistak. Espainiako Gobernuak, autonomia erkidegoetako gobernuek eta udalek Espainiako Estatuan lindanoz kutsatutako eremu guztiak zerrendatzea eta garbitzea, gune horietatik kontsumorako ura hartzea debekatzea eta lindanoak herritarrengan izan dezakeen eragina neurtzea eskatuko dute, besteak beste. Kutsaduraren erantzuleek dagokien zigorra ordaintzea ere erreklamatuko dute.
“Hau ez da kutsadura arazo isolatua; estatuko erakundeen egiturazko arazoa da, ikertzen ez dutena, eta eurek bakarrik aurre egin ezin izango diotena”, adierazi du plataformako kide Javi Vazquezek. Lindanoa kutsatzaile organiko iraunkorra dela gogorazi dute, sistema immunologikoari eta ugalketari kalte egiten diena.