argia.eus
INPRIMATU
Oiolako urtegia saretik deskonektatzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak Barakaldoko Udalari
  • Ingurumen Batzordeak onartutako legez besteko proposamenaren arabera, Eusko Legebiltzarrak zuhurtzia printzipioa aplikatzeko eta Oiolako urtegiko urik erabiltzen ez dela bermatzeko galdatuko dio Barakaldoko Udalari, kontsumorako egokia dela guztiz frogatu bitartean. Txosten teknikoek hala gomendatuz gero urtegi osoa garbitzeko ere eskatuko dute. 

Unai Brea @unaibrea2 2015eko otsailaren 20a
Udazkenean, ur gutxiegi izateagatik itxi zuten Oiolako urtegia. Ur mailak bere onera egin duenean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak itxierari eusteari erabaki du, zuhurtziagatik.

EH Bilduk, PPk eta EAJk onartutako testuaren lehen puntuak dioenez, eta eztabaidan behin baino gehiagotan gogorarazi denez, Barakaldoko Udala da deskonexioa gauzatzeko eskumena duen erakunde bakarra.      

Izan ere, bertako osoko bilkurak hiru aldiz onartu ditu, alkatetza duen PSE-EE ez beste taldeen botoekin, deskonexio horren aldeko mozioak. Haatik, erabakia alkatearen dekretu baten bidez baino ezin da gauzatu. “Ez dakit zer arrazoi daukan Barakaldoko alkateak osoko bilkuraren erabakia ez betetzeko”, esan dio Joseba Zorrillak (EAJ) Natalia Rojori (PSE-EE).

PSE-EE izan da proposamenaren aurka agertu den bakarra. Natalia Rojo bozeramaileak bere alderdiaren aurkako erasotzat hartu du beste hirurek aurkeztutako testua, eta gezurretan aritzea eta elektoralismoz jokatzea leporatu die. Datu ofizial guztien arabera Oiolako ura segurua dela azpimarratu du.

“Analisiak egiten dira astero, eta emaitza da ura kontsumorako egokia dela. Oiolako urari EAEko gainerako urei baino bost aldiz gehiago exijitzen zaio”, esan du Rojok. Gainera, gogorarazi du urtegia oraintxe itxita dagoela eta beraz proposamenak ez daukala zentzurik, datozen hauteskundeetako emaitzak baldintzatu nahi izatetik harago.

Dani Maeztuk (EH Bildu) adierazi du Oiolako urak bete egiten duela uraren kalitateari buruzko gaurko legedia, baina legedi horren aurkako helegitea martxan dagoela Europar Batasuneko auzitegietan. Izan ere, Oiolako urtegian dagoen kutsatzailea, HCH (lindanoa), biometagarria da, alegia, behin gorputzean sartuta bertan finkatzen da. Legediak ezarritako datuek kontsumoa baimentzen dute, baina zuhurtzia printzipioak besterik dio”.

“Ez dago lindanorako balore segururik”, azpimarratu du Maeztuk, eta hauxe galdetu dio Natalia Rojori: “Araudia aldatu eta parametroak aldatuz gero, zer? Prest zaude arrisku hori zure gain hartzeko?”.

Indarrean dagoen legediaren arabera, uretan onar daitekeen gehienezko HCH kopurua litroko 40 nanogramokoa da; urteko batez bestekoak, berriz, ezin du izan 20 nanogramo baino handiagoa. Oiolan isurtzen den Angela errekastoan, iazko abenduan, 258 nanogramo atzeman ziren. Kontzentrazioa jaitsi egiten da urtegian, baita legearen barrukoa izateraino jaitsi ere, baina halere datuok kezkatzeko modukoak direla, eta seguru egon arte onena zuhurtziaz jokatzea dela adierazi dute proposamena babestu dute hiru alderdiek.

Momentuz, inguruko biztanleak ari dira zuhurtzia printzipioa beren kontura ezartzen, PPko Mª Carmen Lopez de Ocarizek esandakoari kasu egitera: “Aspaldi utzi zioten txorroteko ura kontsumitzeari, analisiek esaten dutena esaten dutela”.