argia.eus
INPRIMATU
Oiolako urtegia Barakaldoko ur-horniketatik deskonektatu dute, laugarrenez bost urtean
  • Joan den ostegunean Oiolako urtegia Barakaldoko ur-hornikuntzatik deskonektatu zuten. Hori egiten duten bosgarren aldia da, nahiz eta Udalak lindano kutsadura dagoenik ukatu. Alkatetzan dagoen PSEk prentsako iragarki batean argudiatu duenez, “urtegiko ur-maila berreskuratu arte” utzi diote bertatik hornitzeari.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 08a
Uraren Euskal Agentziak ekaina hasieran egindako analisiak litroko 39,40 nanogramo lindano neurtu zituen. (Arg: www.barakaldodigital.blogspot.com)

Uraren Euskal Agentziak ekaina hasieran egindako analisiak litroko 39,40 nanogramo lindano neurtu zituen. Zenbaketa hori larria dela adierazi zuen Oiolako Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataformak, eta bere hitzetan, azken urteotan behin baino gehiagotan gainditu dira Europar Batasunak ezarritako mugak.

Oiolako urtegia Trapagaranen dago, eta Barakaldo, Sestao eta Alonsotegiko 100.000 pertsonaren etxeetara iristen da bertako ura.

2008an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lindano kopuru handiak atzeman zituen araztegiko uretan. Ordutik herritarrek Oiolako urtegia deskonektatzeko eskatzen dihardute, bai EAEko Legebiltzarrean, baita Europako Parlamentuan ere.

Alkatearen aldebakarreko erabakia

Barakaldoko udalbatzak hainbatetan eskatu dio alkateari urtegia deskonektatzeko, Oiolako urak lindano arrastorik ez duela ziurtatu arte.

Hala ere, Barakaldoko EAJk dioenez, alkateak bere nahien arabera deskonektatzen eta konektatzen du hornikuntza. Alderdi jeltzaleak salatu duenez, dagoeneko lau aldiz egin du gauza bera, gainerako alderdiei kontsultatu gabe.