Bruselako Parlamentuan hitz egingo du Oiolako urtegia deskonektatzearen aldeko plataformak martxoaren 19an. Urtegia lindanoak kutsatuta dagoela salatu dute behin baino gehiagotan.
Ura edangarria dela frogatu bitartean kontsumorako erabilia izan ez dadin deskonektatzea eskatzen dute plataformakoek. Espainiako Estatuko agintariei kalitate azterketa zehatza egin dezala ere exijitu diote.
Oiolako urtegiko ura Bizkaiko milaka etxetara iristen da eta zenbait azterketa medikuk frogatu dutenez minbizia eragiten duten substantziak dauzka ur horrek.
Barakaldoko eta Sestaoko 100.000 bizilagun baina gehiagok garbiketarako, sukalde lanetarako eta kontsumo propiorako erabiltzen dute urtegitik iristen zaien ura.
Europara babes eske
Azken egunotan plataformako kideek gutunak helarazi dizkiete Europako Parlamentari guztiei. Asmoa "atentzioa deitu eta Oiolako urtegiaren arazoa ezagutaraztea" dela azaldu dute.
Zenbait alderdirekin bildu dira, zuzenean egoera azaldu asmoz, eta asteazkenean Javier Vazquez plataformako bozeramaileak Europako Parlamentu Batzordean zuzenean hartuko du parte, 17:00etatik aurrera.
Europako Parlamentuan ez ezik, Bilbon ere egingo dituzte Oiolako urtegia deskonektatzearen aldeko eskaerak: Uribitarte kaleko URA erakundearen egoitza parean, 10. zenbakian, kontzentrazioa deitu dute asteazkenean 11:30etan.
Informazio gehiago:
- Javier Vazquezek Parlamentuan egingo duen interbentzioa zuzenean ikusteko aukera izango da Europako Parlamentuaren webgunearen bitartez.
- Oiolako aferaren jarraipen zehatza egingo du Herrikolore webguneak Twitter bidez.
- Plataformak argitaratutako prentsa oharra Barakaldo Digital atarian.
- ARGIAn:
Uraren kudeaketa: Elementu ezinbestekoena merkatuaren jomugan (erreportajea, 2013-07-28; joan amaierarako koadrora)
Oiolako urtegia eta Castaños ibaia berdez koloreztatuta agertu dira (albistea, 2013-07-08)