argia.eus
INPRIMATU
Oinharri eskolak herri mugimenduentzako formakuntza eskainiko du Errekaleorren, uztailaren 15etik 23ra
  • Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegia eskainiko du, Euskal Herriko herri mugimenduentzako formakuntza politikoa. Lau urte daramatzate formakuntza ematen, eta beraien metodologia Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduan (MST) oinarrituta dago, materialismo dialektikoa ardatz.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 01

Formakuntza eskaintza berriak ekarri nahi ditu Oinharrik, Euskal Herrian eskaintzen ez direnak. Jarduera nagusienak Formakuntza Barnetegiak izango dira, uztailak 15etik 23ra egingo direnak, eta metodo politiko-pedagogiko berezi bat erabiliko dutela azaldu dute. Jada 2019 eta 2021 urteetan Formakuntza Barnetegiak egin zituzten Amaiurren (Nafarroa) eta Errekaleor auzo okupatuan.

Oinharri antolakuntzarako eta militantziarako eskola politikoa da. Euren oinarria da Brasilgo Lurrik Gabeko Mugimenduko Florestan Fernandez Eskolako metodologia. Antolatzaileek zehaztu dute materialismo dialektikoa eta formakuntza integrala dutela ardatz. Udara honetan, Errekaleor auzora bueltatuko dira, Teoria eta praktika politikoa elkarbizitzan uztartzen deituriko proiektuan. Formakuntza eta praktika politikoak eskaintzeaz aparte, haurrentzako formakuntza ere eskainiko dute, gurasoek parte hartzeko. Produktu lokalak erabiltzen dituzte otorduetarako, eta proiektuan parte-hartzea eskolak berak finantzatzen du.

Udaberrian, prestaketa

Udaberrian, formakuntza asteburuak gauzatu dituzte, udan egingo duten Formakuntza Barnetegira begira. Antolatzaileek hiru helburu nagusi aipatu dituzte: lehenbizi, eskolara bertara hurbiltzea, proiektua aurkezteko eta beraiek duten formakuntza ikuspegia erakusteko; Bigarrenik, metodo politiko-pedagogikorako hurbilketa lortzea, eta dimentsio hori lantzea; hirugarrenik, asteburu horietako eduki politikoak espazio kolektibo batean lantzea.

Udaberrian Euskal Herriko hainbat hiritan eta eskualdetan egingo dituzte aurkezpenak, proiektua ezagutarazteko, eta gehiago jakin nahi duenak Oinharri eskolako sare sozialetan topatu dezake: Mastodon, Twitter eta Instagram. Formakuntza Barnetegiaren parte izateko, beraien web orriaren bidez eman daiteke izena.