argia.eus
INPRIMATU
Oinarrizko lanetan ari diren hainbat langileren egoera larriaz ohartarazi du LAB sindikatuak
  • Ostegunean egin du agerraldia sindikatuak, oinarrizko lanetan ari diren langileen egoeraz mintzatu asmoz. Bizia sostengatzen duten sektore feminizatuetako langileek bizi duten egoera larria salatu dute, eta horren aurrean bide penalari ekitea erabaki dutela adierazi.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 02a

LAB sindikatuko Maddalen Dorador eta Gorka Berasategi oinarrizko lanetan ari diren langileen egoeraz mintzatu dira, horien osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu asmoz.

Erakundeen jarrera seinalatuz ekin diote agerraldiari, salatuz, “berriz ere gure bizitzak sostengatzen dituzten lan horiekiko begirunerik” erakutsi ez dutela. “Osasun krisiaren aitzakiarekin guztion bizitzak zaintzen dituztenak lan egitera behartuta daude inolako babes neurririk gabe. Are gehiago, babes neurri hauek industria handiaren biziraupenera bideratzen ari dira”, azpimarratu dute.

Gauzak horrela, sektore feminizatuetako langileak egoera larrian daudela adierazi dute, milaka emakume inolako babes ekiporik gabe lanean ari direlako, beren eta ingurukoen osasuna arriskuan jarriz. Adibide gisa jarri dituzte garbitzaileak, zeintzuen egoera salatu zuten bezperan, ezagutzera emanez ehunka garbitzaile ari direla EAEko itxitako eskolak garbitzen, Hezkuntza Sailaren aginduz. Jakitera eman dutenez, egoera hori tarteko, salaketak jarri dituzte Lan Ikuskaritzaren aurrean. Besteak beste, salatu dituzten enpresak dira ISS, Ilunion, Sacyr, Garbialdi eta Metrópoli. Gaur artean, erantzunik ez dutela jaso adierazi dute.

Osasungintzako eta helduen egoitzetako langileak ere aipatu dituzte, jakitera emateko horien egoera ere oso larria dela, babes baliabide faltaren ondorioz.

Gauzak horrela, eta langile horiek babesteko, LAB sindikatuak bide penala irekitzeko erabakia hartu du. Fiskaltzari ematen ari diren arrisku egoera denen berri ematearen aldeko hautua egin dute, eta zentroz zentro ondoko ekinbideak aurrera eramateko asmoa agertu dute: atestatua egin dezan Ertzaintzari deitu, dagokion instituzioari idatziz egoeraren salaketak helarazi, eta tokiak tokiko egoera guzti horien berri fiskaltzari eman, azken honek instrukzioa abiatu dezan.