argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Oinarrizko lanak indartzeko erronka
  • Pandemiari aurre egiten jarraitzeko, gure erronka nagusia izan behar da bizitza zaintzen duten eremu eta jarduerak indartzea, ondorio sozial latzak borrokatzeko.

Jon Bernat Zubiri Rey @jonbernat Endika Alabort Amundarain @autogestioa Maitane Jaio Atela Eki Etxebarria Respaldiza 2021eko otsailaren 16a
(arg.: Susana Albarran / El Salto-Hordago)

Urtarrilaren 26ko zaintza eta gizarte zerbitzuen grebaren jarraipena ikusita, sektore hori guztiz feminizatua dagoela egiaztu genuen. Izan ere, COVID-19aren krisi honetan emakumeak dira euren gorputzak lehen lerroan jarri dituztenak. Are gehiago, funtsezko lanetan badihardute ere, haien lana ez da beti aitortu. Konfinamendu garaian txalo artean hartu genituen arren, euren lana duintzeko eskatzen dutenean gobernuek entzungor egiten dute. Biztanleria aktiboaren inkestaren azken datuen arabera, osasun lanetan dihardutenen ia %80 emakumeak dira. Are gehiago, Espainiako INE institutuaren arabera, erizaintzan ehuneko hori %84 da, eta medikuntzan, berriz, %51,6. Zaharren eta menpekoen egoitzetan ere, %84,5 inguru emakumeak dira.

Datu horiek ikusita, ondoriozta dezakegu emakumeek gizonek baino arrisku handiagoa dutela COVID-19arekin kutsatzeko. Ondorio horretara iritsi da, adibidez, Madrileko Erkidegoko ikerketa bat, hango Gizarte Politikak, Familiak, Berdintasuna eta Jaiotzak Sailak egindakoa. Horrez gain, oso feminizatuta dauden beste sektore batzuetan ere emakumeek kutsatzeko arrisku handia dute, hala nola sektore farmazeutikoan (%76,1), etxeko lanetan (%94) eta hezkuntzan (%68). Jarduera soziosanitarioez harago, pandemiak ekarritako ondorio ekonomiko eta sozialek emakumeei eragin diete bereziki, lanpostu gehien suntsitu diren sektoreetan emakumeak baitira nagusi; esaterako, ostalaritzan, komertzioetan eta laguntza zerbitzuetan.

“Egoitzen laurdena baino gutxiago dira publikoak, eta horietako asko azpikontratazioaren bidez kudeatzen dira”

Urtarrilaren 26ko greba egunean, zaintzaileek –egoitzetako eta etxez etxeko langileek– zerbitzu publiko duin bat eta lan baldintza egokiak eta ondo ordainduak aldarrikatu zituzten. Gero eta sakonagoa den zaintza krisiaren aurrean, zerbitzu sozialen gaur egungo eredua aldatzea eskatzen dute, hemendik aurrera ez dadin izan langile eta erabiltzaileen bizkar egindako negozioa. Etxeko langileen kasua are gogorragoa da: kaleratze ugari egon dira, eta kontratu asko eten dira; gainera, konfinamendu zorrotzaren garaian, etxeko langileetako askok zaintzen duten pertsonarekin egon behar izan zuten eguneko hogeita lau orduetan eta asteko zazpi egunetan. Bestalde, etxeko lanak migratzaile irregularrek egiten dituzte hein handi batean, batez ere interna gisa lanean ari direnen kasuan. Eta, irregularrak direnez, arazoak dituzte lanarengatiko desplazamendu baimena lortzeko eta, beraz, baita ere herriz herriko konfinamendu perimetrala betetzeko.

Hamaika hilabete pasa dira pandemia hasi zenetik, eta, oraindik ere, oinarrizko lan feminizatu horiek ez dira indartu, ezta duindu ere. Bitartean, Eusko Jaurlaritzako politikarien erantzunaren zain jarraitzen dugu. Gauzak horrela, hiru arlotan ditugun egiturazko arazoak azpimarratu behar ditugu. Alde batetik, egoitzetan betiko negozio eredua da nagusi. Bizkaian, adibidez, egoitzen laurdena baino gutxiago dira publikoak, eta horietako asko azpikontratazioaren bidez kudeatzen dira. Horrek, noski, zerbitzu eskasa eta lan baldintza ez duinak ekartzen ditu.

"Gero eta sakonagoa den zaintza krisiaren aurrean, zerbitzu sozialen gaur egungo eredua aldatzea eskatzen dute sindikatuek"

Bestetik, hezkuntzako plantillaren egonkortasunik eza daukagu, eta hori ere egiturazko arazo bat da. Martxoan, konfinamendua hasi zenean, ordezko gehienak kaleratu zituzten eta gero, ikasturte berria eta horren protokolo guztiak zehaztu behar zirenean, langileen herenak ez zekien oraindik zer ikastetxetara joan beharko zuen. Hori urtero-urteroko arazo bat da, baina aurten, COVID-19ak eragindako egoera dela eta, are beharrezkoagoa zen esleipenak egokiro antolatzea eta hezkuntza publikoa indartzea.

Oinarrizko arloekin bukatzeko, garbitzaileen lanaz kezkatu behar dugu; hori ere azpikontratatu egiten da, eta langileak enpresa pribatuen bidez aritzen dira beharrean. Sektore ekonomiko guztietan, emakumeak lan baldintza eskasetan ari dira garbitzaile lanetan. Hezkuntzako garbitzaileak, adibidez, greba luze batean murgilduta zeuden pandemia hasi zen unean; orduz geroztik, egoerak okerrera baino ez du egin, eta garbitzaileak berriz hasi dira mobilizatzen.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektu kontserbadore berria ikusita, agerian geratu da agintariek ez dutela erreformarako borondaterik, zeinak, ezarriz gero, bide sozialista eta feminista bati ekiteko aukera emango bailuke. Pandemiak irakatsitakoari heltzeko borondate falta argiaren aurrean, are ozenago aldarrikatzen dugu oinarrizko jardueren sendotze publiko eta soziala. Pandemiari aurre egiten jarraitzeko, gure erronka nagusia izan behar da bizitza zaintzen duten eremu eta jarduerak indartzea, ondorio sozial latz eta desorekatuen aurka borrokatzen dugun aldi berean.

Bilbao Hiria irratiaren Lanaren ekonomia saioa entzungai osorik: