Tokiko komunitate energetikoak sortzeko prozesuaren sustatzailetako bat da Araban Jose Maria Martioda Mendi-Haran Ur Partzuergoko lehendakaria; Lasierran martxan jarri dute erkidegoko lehen komunitate energetikoa baina lurraldeko beste herrietara ere zabaldu dute prozesua, Gorbeialdera edo Trebiñura kasu.
Energia Berriztagarrien "neguko pakete normatiboa" 2020an onartu zuen Europako Batzordeak, eta horretan azkenik Tokiko Energia Komunitatearen kontzeptua jaso zuten, sistema energetikoaren lehen lerroan "pertsonak" jartzeko asmoz. EAEn figura horren lehen aplikazio praktikoa Arabako Erriberagoitiko Lasierran egin dute. Bizilagunek, Batzar Administratiboak, Azala espazioak eta ura kudeatzen duen Mendi-Haran Ur Partzuergoak Lasierrako Komunitate Energetikoa sortu dute. Jose Maria Martioda (Gasteiz, 1952) partzuergoko lehendakari eta Araban energia-komunitateen sustatzaileak azaldu du kontsumitzaile izatetik energia-sistemaren ekoizle eta eragile nagusi izatera pasatzeko aukera ematen duela figura berriak.
Zenbat energia-komunitate daude egun Araban?
Lasierra da funtzionamenduan dagoen lehena. Komunitatea osatzeko prozesua martxan dago Tresponden, eta Urarten ere komunitate bat sortzen ari dira orain eta dirudienez ur-errota erabili nahi dute energia sortzeko. Pobesen ere mugitzen hasi dira eta Maurgan denbora luze daramate proiektuarekin. Trebiñuko Sasetan ere ari dira pausoak ematen, eta, halaber, Mendi- Haran Partzuergoan parte hartzen ari diren zenbait herri sartzeko asmotan dabiltza.
Energiaren produkzioa "demokratizatzea" da komunitate hauen zutabetako bat, ezta?
Hala da. Mendi-Haran Ur Partzuergoak orain dela urte batzuk egin zuen energia berriztagarrira trantsizioa, eta energia kontsumitzaileen kooperatiba batean integratu ginen, EMASP izenekoa. Kooperatibak energia berriztagarria erosten du eta guri saltzen digu. Gainera, lortzen dituen etekin ekonomikoak proiektu sozialetan inbertitzen ditu. Izan ere, urtearen amaieran bazkide bakoitzari galdetzen digute non inbertitu nahi dugun lortutako etekin ekonomikoa. Bada, EMASPek eman zigun energia-komunitate hauen berri 2019an, haiek ere figura hori sustatu nahi zutelako. Niri azaldu zidatenean zer ziren Arabako Batzar Administratiboentzat sekulako aukera zela iruditu zitzaidan.
Zer zentzutan?
XXI. mendeko sutarako sortak dira. Europan orain esaten ari zaizkigu hemengo herrietan aspaldi egiten ari garena: etxean beroa izateko eskubidea da tokiko komunitate energetikoa, energiarako eskubidea. Gainera, horrek indarra ematen die existitzen jarraitu nahi duten batzar administratiboei, XXI. mendeko produktu berriak ematen dizkielako burujabe izateko.
Nola antolatzen da zehazki Tokiko Energia Komunitate bat?
Adibide bat jartzearren, zuk zure etxean eguzki- panelak jartzen dituzu, instalazioa ez da oso garestia, gaur egun 6.000 euroan egin dezakezu lasai asko; eta nik, 500 kilometroko inguruan bizi naizela, nire panelak jartzen ditut. Bada, sortzen dugun elektrizitatea partekatu dezakegu BEZa eta bidesaririk ordaindu gabe. Nola egin daiteke? Ados jartzen baldin bagara eta instalazio bakarra jartzen baldin badugu gehiago aurreztuko dugu.
Eta zer paper jokatzen du horretan Administrazio Batzarrak?
Administrazio bat sartzen baldin badugu tartean, instalazioa egiteko diru-laguntza gehiago eskuratuko ditugu, eta gainera Administrazio Batzarrak duen lugorriren bat erabil daiteke instalazioa jartzeko. Behetik gora sortzen den kezka bat da energia-komunitatea sortzea, eta administrazio publikoen konplizitatea –kasu honetan batzar administratiboena– bilatzen da diru-laguntzak lortu ahal izateko. Zuk eta biok komunitatea sortzen baldin badugu, gure etxean EEEk %20ko diru-laguntza emanen digu, baina administrazio publikoen parte-hartzearekin babes ekonomiko handiagoa izan dezakegu.
Ados jarri behar dira bizilagun guztiak proiektua martxan jartzeko?
Ez, ez da beharrezkoa. Tokiko energia- komunitateak bizilagunen atxikimendu librean oinarrituta daude, baina normalean guztiak sartzen dira, ikuspuntu ekonomikotik begiratuta oso erakargarria delako, energiaren faktura %60 jaitsi ahal dutelako. Gainera, etorkizunera begira ere Europako Batzordeak estatuei eskatu die horrelako proiektuak alor fiskalean ere babesteko. Beraz, adostu behar duten bakarra da Batzar Administratiboa proiektuan sartzen den edo ez, baina energia-komunitatea libreki osatzen da, urtero baldintzak berrikusten dira eta nahi duenak komunitatea utz dezake edo bazkide berriak sar daitezke. Bestalde, energia- komunitatean kontadore bakoitzak boto bat dauka, berdin herriko enpresa handi batek edo norbanakoek; alde horretatik funtzionamendua erabat demokratikoa izango da.
Zergatik aukeratu zenuten Lasierra lehen esperientzia martxan jartzeko?
Herri txikia da, Batzar Administratiboaren lehendakariak interesa agertu zuen. Saiakera egiteko balio izan digu, eta ikusi dugu oso ondo atera dela. Lasierran ura ateratzeko ponpa da kontsumo gehien duena, Azala espazioaren etxolak ere badaude, Batzar Administratiboaren kontsumoa (herriko argiteria, eta abar) eta sei etxe. Guztira, 40.000 euro baino gutxiago inbertitu dute eguzki-panelak jartzeko. Ur-deposituan 40 bat eguzki- panel jarri dituzte, eta beste 40 ondoan duten lursail batean; markesina bat bezala egokitu dute gainera, azpian zortzi kotxe sartu ahal izateko eta aparkaleku bezala erabiltzeko. Herriko sare elektrikoa erabili dute, eta kontadoreak jarri dituzte panelek sortzen duten energia hori neurtzeko. Soberakina EMASP kooperatibaren bitartez kudeatuko dute.
Nola parte hartu du Mendi-Haran Ur Partzuergoak proiektuan?
Erabiltzaile bezala parte hartzen ari da Lasierrako Komunitate Energetikoan. Inbertsio txiki bat egin behar izan dugu proiektua martxan jartzeko, baina berreskuratuko dugu.
Luzea izan da tramitazioa?
Iaz hasi ginen proiektuari buruz hitz egiten, lehen kontzejua martxoan egin zuten eta apirilean hasi ginen aurrekontuak eskatzen. Proiektua segun eta nolakoa den desberdina da tramitazioa; Lasierran ez dute oso proiektu handia egin behar izan, eta gainera, partzuergoko kidea denez, kooperatibatik eraman dute arlo juridikoan eta teknikoan behar zuten aholkularitza. Hemendik aurrera, nahi duenak gure babesa izango du, toki guztietara joaten ari gara azken hilabeteetan tokiko energia- komunitateen gaia azaltzeko, ebanjelizatzera, kar-kar-kar.
Landa eremuan berrikuntza soziala pizteko Eusko jaurlaritzaren Labean proiektuan saria eman diote Lasierrako proiektuari.
Bai. Horri esker halako komunitateak sortzeko erabiltzaileen gida bat bezala prestatzen ari dira, edozein herritan interesa izanez gero, zer egin behar duten jakiteko.
Energiaren kontsumoan zer aldaketak egin beharko dituzte bizilagunek?
Ipurdia mugitu behar dute ahalik eta energia gehiena eguzki orduetan kontsumitzeko, eta soberakina ahalik eta txikiena izateko; kilowatt horiek kooperatibak ordainduko dizkie, baina zergak dituzte. Ia ezinezkoa da ehuneko ehunean horrela egitea, baina bakoitzak bere kontsumoa optimizatu dezake, esate baterako, gauez ureztatu beharrean goizean eginez, garbigailua gauez jarri beharrean eguerdian jarriz....
Arabako Diputazioak Ekiola proiektua aurkeztu berri du. Zerikusia al du Tokiko Energia-Komunitateekin?
Ekiola beste proiektu bat da. Ez du zerikusirik komunitate energetiko lokalekin. Nik dakidala Bruselak oso ondo definitu du Tokiko Energia-Komunitate bat zer den eta horretan batik bat energiaren mikrogenerazioari buruz hitz egiten dute; eta hori da, hain zuzen, babesten ari direna: askoz jota 100 kilowatteko azpiegitura eta 500 metroko itzulinguruko muga duten proiektuak. Lasierrarentzat 40 kilowatt izan dira, eta hemengo herri askotan hori da behar duten energia. Ekiolak, aldiz, udalak bildu eta diru-laguntzak lortzeko elkartu nahi ditu; megawatt bat eta bost megawatt arteko potentzia duten eguzki-parkeen inguruan hitz egiten dute. Hori ez da tokiko energia-komunitate bat.
Ez zaizu proiektua gustatzen?
Ez dakit. Beste proiektu bat da. Ekiolak Araban ez du zentzu handirik, beste toki batzuetan izango du, Gipuzkoan akaso, bertan sortu baitzen proiektua; enpresa txiki eta ertain asko dagoen tokietan izango du zentzu gehiago. Gu ehun kilowattekin geratuko gara, hirugarren mailan jokatzen dugu, lagunen artean; haiek, aldiz, lehen mailan jokatzen dute, mutur beltz, merkatu neoliberalean. Ekiolak handia izatearen garrantzia nabarmendu du. Guk, ordea, garrantzitsutzat jotzen dugu txikia izateak ematen digun bizkortasuna, eta eraginkortasuna. Aurten premiazkoa da berriztagarriak egitea, eta askok negozioa egin nahi dute berriztagarriekin.
Tokiko Energia-Komunitatea ez da ohiko eskaintza energetiko bat.
Tokiko komunitate energetikoa ez da energia elektrikoaren eskaintza komertzial bat, komunitate energetikoa sozialki sortzen den zerbait da, egur-sortak bezala. Energia oinarrizko giza eskubidea dela uste dugu; etxe bati ezin zaio energia elektrikoa falta, eta hemen modu eraginkorrenean sor dezakegu. Hemen sortzen dugu eta hemen gastatzen dugu. Ez dago garraiorik, garraioan energia asko gastatzen da. Megaerrota horiek, adibidez, ez dira eraginkorrak. Berriztagarriak al dira? Baliteke, baina ez dira eraginkorrak, garraioan energia asko galtzen dutelako. Energia-komunitatea oso proiektu eraginkorra da. Sozialki, lekurik egokienean kokatu delako eta, gainera, batzar administratiboak lursaila utzi duelako. Eta, gainera, sozialki eraginkorra da, demokratikoki hitz egiten eta eztabaidatzen delako.
Aldundiaren laguntza behar izango duzue?
Jakina. Tramite asko egiteko orduan eta diru-laguntzak eskuratzeko Arabako Aldundiak babestu eta lagundu beharko digu; bidea erraztu behar du.