Erreferendumean parte hartu duten herritarren %76,9k ezetz esan dio Suitzan oinarrizko errenta unibertsala ezartzeari, baina pozik daude galdeketaren bultzatzaileak, eztabaida mahai gainean jarri dutelako eta duela gutxira arte gehienek utopiatzat jotzen zuten neurria Europako hainbat herrialdetan zabaltzen eta debatitzen ari direlako.
Bozkatzaileen %23ak errentaren alde egin du eta abstentzioa %54koa izan da. Aurka bozkatzeko argudio nagusiak bi izan dira: Gobernuak errenta finantzatzeko zailtasunak izan zitzakeela pentsatu dute herritarrek, baita gutxieneko diru kopuru bat bermatuta lan “okerrenak” ez lituzkeela inork hartuko.
Aldekoek argi dute: oinarrizko errenta unibertsala gutxieneko diru-sarrera baino ez da, bizirauteko kopuru bat, eta beraz, herritarrek lan egingo lukete bestela ere. Gainera, mekanizazioa eta digitalizazioa lanpostu asko akabatzen ari direla eta epe laburrean errenta unibertsala ezinbestekoa izango dela diote; baita prestazio sozialek sortzen duten sistema burokratiko nahasia eta estigmatizazioa saihestuko litzatekeela ere, eta lan munduan enplegatzaileek eta enplegatuek baldintza berdinetan eztabaidatu ahalko luketela, herritarrak edozein lan hartzera behartu gabe edo lanordu amaiezinetara kondenatu gabe. Horrez gain, enplegu ez ordaindua (etxeko lanak, zaintza, boluntariotza…) saritzeko modua litzateke.
Neurria babesten dutenen artean daude, besteak beste, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohia, Salvoj Zizek filosofo esloveniarra eta Klaus Schwab Davoseko Munduko Foro Ekonomikoaren presidentea.
Europan zabaltzen ari den neurria
330.800 biztanle inguru dituen Utrecht hirian (Herbehereak) proba pilotua abiatu dute ikasturte honetan. Finlandian, oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko behin betiko proiektua azaroan aurkeztea da asmoa. Finlandiar bakoitzak 800 euro jasoko lituzke eta ekimenaren alde daude herritarren %80. Alemanian, 90.000 sinadura bidali dituzte Bundestagera, gaiari buruzko erreferenduma eskatzeko. Eta gurean ere, Gipuzkoan, oinarrizko errenta ezartzea bideragarria dela frogatu zuen Jordi Arcarons Ekonomia arduradunak.