argia.eus
INPRIMATU
Oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko lehenengo faseari ekin diote Finlandian
  • Herritar orok herritar izateagatik gutxieneko diru-sarrera jasotzeko duen eskubidea, alegia oinarrizko errenta unibertsala, ezarri nahi dute Finlandian, bizitza duina bermatzeko baliabidea delakoan. Lehenengo fase esperimentala abiatu berri dute: 2.000 biztanlek jasoko du oinarrizko errenta, bi urtez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko urtarrilaren 02a

Ausaz hautatu dituzte 25 eta 58 urte arteko 2.000 herritarrak (%52 gizonak eta %48 emakumeak). Langabezian daude, hilean 560 euro jasoko dituzte (zergetatik aske) eta lana lortuz gero ere, oinarrizko errenta jasotzen jarraituko dute bi urte hauetan, enpleguari lotuta ez dagoen diru-sarrera baita oinarrizko errenta (azken finean, egungo lan merkatu prekarizatuak ez du beti diru-sarrera duina bermatzen).

Gizarte Segurantza berrantolatzeko Finlandiako Gobernuak duen asmoaren barruan, bigarren fase batean herritar denei zabalduko litzaieke oinarrizko errenta eta gainerako prestazioak ezabatu egingo lirateke.

Alde eta kontra

Errenta unibertsalaren kontra erabili ohi den argudio nagusia da berau jasotzeak jendea lanik ez egitera bultzatuko lukeela. Hori ez litzatekeela gertatuko eta enpleguaren kalitatea hobetuko litzatekeela diote errentaren aldekoek, ekintzailetzarako, auto-enplegurako eta berrikuntzarako aukerak ere zabalduko lituzkeela, eta lanari ordu gutxiago eskaintzeak beherantz doan lan eskaintza orekatzen lagunduko lukeela. Gainera, besteak beste pobreziari eta desoreka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko balio du errenta unibertsalak, aberastasunaren birbanaketa bidezkoagoa eginez.

Ekonomia suspertzeko eta eredu justuagoa lortzeko errenta unibertsalaren alde daude finlandiarren %80.

Errenta unibertsala bideragarria dela frogatu zuten Gipuzkoan

Gipuzkoan oinarrizko errenta banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabea ezartzea bideragarria dela eta herritarren %75ak baino gehiagok bere bizi maila hobetuko lukeela frogatu zuen Jordi Arcarons Ekonomia katedradunak, 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Sinposioan.

Katedradunak egindako simulazioan, 2011ko datu ekonomikoak eta demografikoak hartu zituen aintzat: aberastasunaren birbanaketa eginez, oinarrizko errentarekin 18 urtetik gorako biztanleek 658,5 euro jasoko lituzkete hilero eta adin txikikoek 131,7 euro.