argia.eus
INPRIMATU
Oinarrizko errenta unibertsala ezarriko dute Herbehereetako Utrecht hirian
  • Herritar orok herritar izateagatik gutxieneko diru-sarrera jasotzeko duen eskubidea da oinarrizko errenta unibertsala. Herritar guztiei bizitza duina bermatzeko baliabidea izatea eta gizarteko desoreka ugari arintzea ditu helburu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko uztailaren 06a
Gizarte malguagoa bilatzen dute, zaintzari, boluntariotzari edota ikasketei denbora gehiago eskaini ahal izateko.

330.800 biztanle inguru dituen Utrecht hirian (Herbehereak) abiatuko dute esperientzia pilotua, hiriko unibertsitatearekin elkarlanean: oinarrizko errenta unibertsala eta baldintzarik gabea integratuz gero, gizartea eraginkorra al den aztertu nahi dute. Horretarako, udako oporren ostean jarriko dute martxan esperimentua.

Gaur egun ditugun prestazio sozial eta ekonomikoekin konparatuta, oinarrizko errentak duen ezberdintasun nagusia da lana egitearekin bateragarria dela. Hala, sistema hau aplikatuz lanordu malguagoak eta gizarte ez hain zurruna bilatzen dute Utrecht-en, zaintzari, boluntariotzari edota ikasketei denbora gehiago eskaini ahal izateko.

“Etxean geratuko da ala gizarteari ekarpena egiteko akuilua izango da?”

“Datuek erakusten digute herritarren %1,5ek baino gutxiagok egiten diola iruzur ongizateari, baina errenta unibertsala jarri edo ez erabaki aurretik, eraginkorra al den aztertu behar dugu”, adierazi du hiriko Enplegu zinegotziak.

“Zein da emaitza, herritar batek hilero diru bat jasotzen duenean, araurik eta kontrolik gabe? Etxean geratuko da pasiboki, ala garatzeko eta gure gizarteari ekarpena egiteko akuilua izango da?”.

Antzeko azterketak egiteko, inguruko beste hainbat hirirekin elkartuko da Utrecht.

Errenta unibertsala bideragarria dela frogatu zuten Gipuzkoan

Gipuzkoan oinarrizko errenta banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabea ezartzea bideragarria dela eta herritarren %75ak baino gehiagok bere bizi maila hobetuko lukeela frogatu zuen Jordi Arcarons Ekonomia katedradunak, 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Sinposioan.

Katedradunak egindako simulazioan, 2011ko datu ekonomikoak eta demografikoak hartu zituen aintzat: aberastasunaren birbanaketa eginez, oinarrizko errentarekin 18 urtetik gorako biztanleek 658,5 euro jasoko lituzkete hilero eta adin txikikoek 131,7 euro.

Horretarako zerga sistema erreformatu behar dela eta gakoa borondate politikoa dela azpimarratu zuen Arcaronsek.