argia.eus
INPRIMATU
Oinarrizko errenta unibertsala ezarriko al duten erabakiko dute suitzarrek igandean
  • "Irudikatu gizarte bat, jaio eta esango dizutena: Ongi etorri mundura, hemen zutaz arduratzen gara. Zertan jardun nahi duzu bizitzan?". Suitzan Oinarrizko Errenta Unibertsala ezartzeko ekimenaren bultzatzailea da mintzo dena. Errenta ezarri edo ez, ekainaren 5ean erabakiko dute herritarrek, erreferendum bidez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko maiatzaren 31

Herritar guztiei bizimodu duina bermatzeko eta gizarteko desoreka ugari arintzeko, pertsona ororentzat errenta banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabea nahi dute aldekoek. Argudioen artean, prestazio sozialek sortzen duten estigmatizazioa saihestuko litzatekeela, eta lan munduan enplegatzaileek eta enplegatuek baldintza berdinetan eztabaidatu ahalko luketela, herritarrak edozein lan hartzera behartu gabe edo lanordu amaiezinetara kondenatu gabe.

Suitzar bakoitzak hilean 2.275 euro inguru jasoko lituzke (batez besteko soldata 6.200 eurokoa da han), eta seme-alaba bakoitzagatik diru gehigarri bat. Dena den, inkesten arabera ezezkoa gailenduko da, egoera horretan lan okerrenak ez lituzkeela inork hartuko uste baitu herritar ugarik.

Proba pilotua Herbeheretan eta errenta ezartzeko babes zabala Finlandian

330.800 biztanle inguru dituen Utrecht hirian (Herbehereak) proba pilotua abiatu dute ikasturte honetan. Errenta unibertsala ezarri haurretik, eraginkorra al den probatu nahi dute: "Zein da emaitza, herritar batek hilero diru bat jasotzen duenean, araurik eta kontrolik gabe? –diote–. Etxean geratuko da pasiboki, ala garatzeko eta gure gizarteari ekarpena egiteko akuilua izango da?".

Finlandian, oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko behin betiko proiektua azaroan aurkeztea da asmoa. Finlandiar bakoitzak 800 euro jasoko lituzke eta ekimenaren alde daude herritarren %80.

Errenta unibertsala bideragarria dela frogatu zuten Gipuzkoan

Gipuzkoan oinarrizko errenta ezartzea bideragarria dela eta herritarren %75ak baino gehiagok bere bizi maila hobetuko lukeela frogatu zuen Jordi Arcarons Ekonomia katedradunak, 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Sinposioan. Datu errealetan oinarrituta katedradunak egindako simulazioaren arabera, 18 urtetik gorako biztanleek 658,5 euro jasoko lituzkete hilero eta adin txikikoek 131,7 euro.

Horretarako zerga sistema erreformatu behar dela eta gakoa borondate politikoa dela azpimarratu zuen Arcaronsek.