Oinarrizko Errenta Unibertsalaren (OEU) definizioa argi izatea da gakoa: inolako baldintzarik gabe.
Oinarrizko Errenta, Oinarrizko Errenta Unibertsala, Herritarren Oinarrizko Errenta, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta... Antzeko kontzeptuak diren arren, gauza bera adierazten al dute? Helburu eta filosofia berdina duten baliabide bat adierazteko erabiltzen diren kontzeptu ezberdinak al dira?
Oinarrizko Errenta Unibertsalaren (OEU) definizioa argi izatea da gakoa: inolako baldintzarik gabe, herritar orok bere oinarrizko behar materialak asetzeko aldizkako diru kopuru bat jasotzeko duen eskubidea da. Hortaz, prestazio honen ezaugarri nagusiak hurrengoak dira: banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabea.
Nagusiki, ondorengo ezaugarriek bereizten dute OEU, egun indarrean dauden gainerako prestazio ekonomikoetatik:
Oinarrizko errenta unibertsala
1. Unibertsala
2. Egoera ahul edo kaltegarrian egon aurretik onartzen da
3. Beste prestazio ekonomikoekin bateragarria
4. Gastu administratiboa gutxitzen du
5. Herritartasun izaera bultzatzen du
Oinarrizko errenta
1. Baldintzatua
2. Egoera ahul edo kaltegarrian zaudenean onartzen da
3. Prestazio ekonomikoen arloan azkeneko laguntza sarea
4. Gastua administratiboa mantendu edo gehitzen du
5. Asistentzia edo laguntza izaera du
Gaur egungo sistema ekonomikoaren oinarri eta ezaugarriak ikusita, bideragarria izango al litzateke OEU? Horrelako esperientziarik ba al dago indarrean? Munduan leku gutxi dira OEU indarrean dutenak, baina Alaska, Kanada, Brasil edo Kuba bezalako herrialdeetan eredu mota hau aurrera eramatea lortu dute. Estatu bakoitzak bere berezitasunak ditu: Alaskako eredu purutik hasi eta Kubako oinarrizko kontsumo-produktuen ereduraino, OEU modu ezberdinetan ezartzea posible dela erakutsiz. Ereduok, OEUren ezaugarri guztiak bete ez arren, errenta honen filosofia eta oinarriak dituzten sistemak martxan jartzea bideragarria dela pentsarazten digute.
Argi dago eredu aldaketak sistema aldaketa eskatzen duela, batez ere fiskalitate arloan, eta horretarako, eskumena duten erakundeek eta gizarteak aldaketa nahi izatea beharrezkoa da. Bide honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak (EH Bilduk gobernatzen zuenean) hainbat pauso eman zituen eta fiskalitate eredu berri bat aurkeztu zuen. Fiskalitate berriak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eragingo luke, honako ezaugarrietan: aurrezki oinarria txertatzea oinarri orokorrean; etekinen arteko konpentsazioa ezabatzea; gutxiengo pertsonal eta familiarrak ezabatzea; oinarri orokorreko murriztapenak ezabatzea (pentsio planak, ezaugarri pertsonalak, lan etekinak...); kuota murriztapenak ezabatzea (etxebizitza, hobariak...); Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bakarra izatea, Oinarrizko Errenta Unibertsalarekin konbinatua.
Oinarrizko Errenta Unibertsala aurrera ateratzeko, bideragarritasun soziala, teknikoa eta ekonomikoa bermatzea garrantzitsua da
Aldaketa horiek eginez gero OEU bideragarria dela ikusten bada, zergatik sortzen du horrelako eztabaida gizartean? Aldeko eta aurkako argudioak ematen dira. Aldeko arrazoien artean, errenta jasotzen dutenek jasaten duten estigma amaituko litzateke, herritar guztiek jasoko luketelako; pobrezia errotik ezabatuko luke, erosteko ahalmen txikia dutenen egoera hobetuz eta aberastasuna hobeto banatuz; lan merkaturako malgutasuna ekarriko luke (langileek askatasuna lukete lan kontratuak negoziatzerako orduan, eta ez lukete edozein lan edozein soldataren truke egitea onartuko); ekintzailetzarako, auto-enplegurako eta berrikuntzarako aukerak zabalduko lituzke; hiru lan moten banaketa berri izango genuke, ordaindua, boluntarioa eta etxekoa; bestelako gizarte laguntza gehigarriak desagertuko lirateke eta horien gaineko iruzurra ere ez litzateke emango.
Kontrakoak diote, ordea, Oinarrizko Errenta Unibertsalak jendeak lanik ez egitera bultzatuko lukeela eta ondorioz, lanerako hautua egin dezaten, enpresaburuek soldata hobeak ordaindu beharko lituzketela, produktibitatearen eta errentagarritasunaren kalterako; inflazioa igoko luke, ekoizpen kostuak handitzean azken produktuen prezioa igoko litzatekeelako; eta immigrazioa nabarmen handituko luke. Nire iritziz, ezjakintasuna dago argudio horien atzean. OEU martxan dagoen estatuetan funtzionatzen duela ikusi da, bai eredu purua bai eredu partziala duten lekuetan.
Aukeratzen den eredua edozein dela, onura hauek izan ditzakeela deritzot:
Edozein dela ere aukeratzen den edo aurrera eramaten den eredua, onura hauek izan ditzakeela deritzot:
Emantzipazioa
Diru-sarrera ziur bat izatean, emantzipatzeko aukera handitu egingo da, familien zama arinduz eta gizartearen izaera paternalista amaituz.
Lana
Lan prekarioa dutenen egoera hobetuko da eta langileek duten negoziatzeko aukera ere handituko da.
Ikasketak
Lana eta ikasketak uztartzeko aukera handiagoa izango da, baita ikasketetan soilik zentratzekoa ere.
Autonomia
Familiaren sostengua behar ez izateak eta emantzipazioak gazte autonomoak emango ditu.
Demografia
Diru-sarrera ziurra izanda, seme-alabak izateko adina murriztu daiteke, baita jaiotza kopurua handitu ere.
Etorkizuna
Epe luzera, pentsio sisteman ere eragina izango du. Oinarrizko Errenta Unibertsalak demografia arazoak konpontzeko bidea eman dezake, pentsio sistema bermatzeko aukerak ugarituz.
Oinarrizko Errenta Unibertsala aurrera ateratzeko, bideragarritasun soziala, teknikoa eta ekonomikoa bermatzea garrantzitsua da. Bideragarritasun soziala eta teknikoa ziurtatzeko beharrezkoa da gizarteari informazio argia, errealista, ulerterraza eta serioa ematea, eztabaida sustatu eta zalantzak argitzeko. Behin bideragarritasun soziala lortuta, errazago lortzen da bideragarritasun teknikoa, hau da, iritzi publikotik agenda publikora pasatzeko urratsa. Bideragarritasun ekonomikoa lortzeko gastu publikoaren aldaketa nolakoa izango den eta errentak zenbatekoa izan behar duen finkatzea da xedea. Eztabaida honetan sakontzeko eta pauso berriak emateko unea izan daiteke, bestelako ekonomia eredu baten bidean.
Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.