Asteartean onartu du Espainiako Gobernuak 2023ko lehen seihilekoan indarrean egongo den dekretua, inflazioaren ondorioak apaltzea helburu. Aurretiko neurri batzuk mantentzea adostu dute; garraio publikoaren beherapenak, esaterako. Berrikuntzen artean daude oinarrizko elikagaien %4ko BEZa kentzea, eta alokairuen garestitzea mugatzea.
Espainiako Gobernuak inflazioaren ondorioak arintzeko neurriak hartu ditu 2023ko lehen sei hilekorako, horretara bideratu duen hirugarren dekretu baten bidez. Neurri gehienak aurretik indarrean zeudenen luzapenak dira, edota gehigarriak. Baina dekretuak kendu egingo ditu, bestalde, erregai litroko hogei zentimoko hobariak, martxotik urte amaierara arte indarrean daudenak; profesionalei soilik ezarriko zaizkie, hala nola garraiolariak eta lehen sektoreko langileak.
Bestelako neurriak ezarri ditu alokairuetan, elikagaien BEZean, garraio publikoaren prezioetan eta etxeko energiaren fakturan, besteak beste. Alokairuen kasuan, dekretuak barne hartu du azaroko aurrekontuen negoziazioetan EH Bilduk egindako proposamena: indarrean diren alokairuak ezingo dira %2 baino garestiago eguneratu. Horretaz gain, 2023ko lehen sei hilabeteetan etengo diren kontratuak berritu nahi izanez gero, beste sei hilabetez baldintza berdinetan alokatzeko eskubidea du maizterrak. Berria-k jaso duenez, azken hilabeteetan alokairuak %20 garestitu direla azaldu du Unidas Podemosek.
Elikagaien BEZa merkeago
Urtarrilaren 1etik ekainera bitartean, bestetik, erosketa saskiaren kostuaren igoera apaltzeko helburuz, elikagai oinarrizkoenei ez zaie BEZarik aplikatuko –orain arte %4koa zuten–. Produktu horien artean daude arrautzak, barazkiak, frutak, lekaleak, ogia, gazta eta esnekiak, besteak beste. Halaber, olioa eta pastari %10etik %5era murriztuko zaie.
Urtean 27.000 euro baino gutxiagoko diru sarrera duten familientzat, 200 euroko txekeak iragarri ditu dekretuak
Espainiako Gobernuak adostu du 200 euroko txekea ematea urtean 27.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei, beti ere ez badute 75.000 eurotik gorako ondarea. Laguntzak 4,1 milioi etxetara iristea aurreikusi dute.
Aurretiko neurri batzuk mantendu
Garraio publikoko beherapenei dagokionez, datorren urte osoan mantendu egingo da aldiriko eta distantzia ertaineko trenen txartelen doakotasuna, baita Hego Euskal Herriko garraioetan %50eko beherapenak ere –esaterako, autobusean eta metroan–.
Mantendu egingo da, halaber, elektrizitate fakturaren BEZaren beherapena, 10 kilowatt potentzia arteko kontratuetan. Iaz %21ekoa zen zerga, eta %5ekoa da ekaina amaieratik.