argia.eus
INPRIMATU
Oinarrizko elikagaien BEZa igo egin da Hego Euskal Herrian
  • 2023ko urtarriletik indarrean da oinarrizko elikagaiei –duela hiru hilabetetik, oliba olioa talde horretan dago– BEZik ez aplikatzeko neurria.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 01

Europako Batzordeak abisua emana du, arau fiskalak berrikusi behar direla, nagusiki Euribor indizea apaldu eta inflazioa "baretzen" ari delako. Estatukideei esan die krisiari aurre egiteko ezohiko neurriak bertan behera uzteko garaia dela, eta Espainiako Gobernua amen-amen egiten ari zaio.

Urriaren 1etik hasita, progresiboki egingo da, baina, BEZa lehengoratzeko ariketa. Aipaturiko produktuen balio erantsiaren gaineko zerga %0tik %2ra igo da urrian sartzearekin batera, eta %2 horretan mantenduko da urtea amaitu bitartean. 2025arekin batera, lehen zeudenera itzuliko dira, %4ra.

2023ko urtarrilean, oinarrizko elikagaien BEZ zerga %4tik %0ra jaitsi zuen Espainiako Gobernuak. Ordutik, beraz, ez dute BEZik izan ogiak, esneak, frutak eta barazkiek, esaterako. Oliba olioa ez zegoen zerrenda horretan, baina ikusita zenbat garestitu den bereziki azken urtean, joan den uztailean taldez aldatu zuen ministroen kontseiluak; beraz, hiru hilabete baino ez ditu eman oliba olioaren BEZak %0an. Aurrerantzean, dena den, oinarrizko elikagaiekin batera egongo da, eta ez lehengoko %10ean.

Oliba olioa merkatuko da?

Oliba olioaren litroak, 2021aren hasieran, hiru euro pasatxoko prezioa zuen. Gaur egun, hamar euroan aurki daiteke. Espainiako Ikerketa Institutuaren (INE) arabera, ordea, merkatzen ari da bere prezioa. Azken lau hilabeteetan %11 apaldu dela adierazi du; baina jaitsiera moteltzen ari da, uztailetik abuztura ia %2 merkatu baita. Dena den, eta jaitsiera hori ere kontenplatuta, urtebeteko epean, %25,1 garestitu da oliba olioa.

Datozen hilabeteetan are gehiago merkatzea espero da, laster helduko delako merkatura aurtengo oliba olioa, zeinaren uzta iazkoa baino handiagoa eta hobeagoa den.

BEZak lehengoratzen, urte osoa

2024an sartzearekin batera, Hego Euskal Herrian indargabetu egin ziren ekonomia krisiari aurre egiteko hainbat neurri. Hurrenez hurren, BEZari loturikoak bi hauexek, argindarrarena eta gasarena. Argindarrarena %5etik %10era pasatu zen; eta gasa, berriz, %10etik %21era.