argia.eus
INPRIMATU
Oilarraren auzia
  • Udako solasa aldi huntan. Oléroneko ugartean gertatu balentriaren berri izan dukete aldizkari hunen irakurleek. Bigarren egongia ugartean zaukan erretretatu bikote batek auzoko oilarraren kukurukua ez omen zuten gostukoa. Auzitara joan zen afera, eta Maurice-en (oilarra) jabeak behar izan zuen Rochefort-eko tribunalean agertu, denak utzirik.

Xabier Itzaina Laborari 2019ko irailaren 16a
'Maurice' oilarra bere nagusiaren besoetan. (Argazkia: Fabien Paillot)

Abokatek lehia zaukaten jakiteko ea Saint-Pierre d’Oléron herri “errurala” ote zen, edo hiri bat. Lehen kasuan, oilarrak kantatzeko eskubidea ba omen zukeen, bigarrenean ez. Deliberoa buruilean jakinen. Artean Maurice gaizoaren aldeko izenpetze kanpaina haundi batek 138.000 sinaduratik goiti bildu zituen.

Kalapitak bere artikulua ere ukan zuen New YorkTimes-en. Hek ere beren kasetak bete behar. Euskal Herria hortan ere, izan dugu auzoko ardien joareak jasaiten ez zituen bikote baten laidoaren berri. Hots, kanpaña nahi bainan hiriarren abantailekin, bainan kanpaña azeptizatu bat, urrinik eta arrabotsik gabekoa. Jarrera horier ihardokitzeko, frantses deputatu batek nahi omen ditu delako ezkila soinu, abere oihu eta bertze legez gerizatu Frantziaren “ondarea” bezala kontsideratuz. Zertaratuak dauden.

1850 inguruan, Kanbo-Behereko plazan eman zituzten tobera mustrak. Suieta zuten Montevideotik sartu Amerikano bat, Kanboko neska batekin ezkondu zena lehen emaztea Uruguayen utzirik. Egiazko suietekilako toberak debekatuak izanki eta bestaren baimena ardiesteko gisan, gazteriak “Oilarraren auzia” (Lejugement du coq) izenburua eman zion bere ospakizunari, alegiazko gai zerbeit estakuru. Oilarra nor zen, alabainan, denek bazakiten. Eta oilarraren urrats noblea bezenbat astoaren lasterrak zirela hautemanen.

Ez dakit Rostandek, zonbeit hamarkada berantago, ixtorio horren berri izan ote zuen bere Chantecler huntu zuelarik. Hots, lehen bezala orain ere, oilarra oilar eta gizon.

[P.D. Irail hasieran epaileak ebatzi du arrazoia oilarraren jabeak duela eta Maurice-k kukurru egiteko eskubidea duela. Erredakzioaren Oharra]