2018ko Diadan egingo duten manifestazio handiko xehetasunak publiko egin ditu ANCk. Aurten egun nazionala ezohiko testuinguruan helduko da: independentzia aldarrikatu zuten iaz eta preso eta errefuxiatu politikoak dauzka mugimendu independentistak. Horri erantzuteko, antolatzaileek erronka handia bota dute: Bartzelonako Diagonal etorbidea betetzea "Fem la República Catalana" (Egin dezagun Kataluniako Errepublika) lelopean.
Aurtengo protagonismoa Diagonal etorbidea alderik alde zeharkatuko duen soinu olatuak hartuko du. 17:14ean manifestari guztiek erabateko isiltasunean egon beharko dute pankarta eta leloak jaitsirik. Ondoren, suziri batek hasiera emango dio olatuari, mobilizazioaren erdigunetik abiatuz hau. Olatua aurrera doan heinean, manifestariek pankartak altxa eta oihu egin beharko dute. Urriaren 1eko erreferendumetik ateratako agintea egikaritzeko gizartearen garrasia sinbolizatu nahi du ANCk ekimen honekin.
Ikusi Diadan parte hartzeko dei eginez egin duten spota.
Beste diada batzuekin ezberdinduko da aurtengoa, eragileek ez baitute mezu zehatzik bultzatuko. Herritarrei bere aldarrikapena modu askean adieraztera dei egin diete. Mobilizazioaren eskari nagusiak ondorengoak izango dira: urriaren 1eko erreferendumean erabaki zutena errealitate egiteko, preso politikoak askatzeko, errefuxiatuei itzultzeko eta alderdi politiko independentistei elkarrekin jarraitzeko.
ANCko presidente Elisenda Paluziek dei egin du Bartzelonako kaleak betetzera, argi uzteko "errepresioak ez duela mugimendu independentistarekin amaituko". Manifestazioak inflexio puntua izan behar du bere ustez.
Honekin batera, adierazi du irailaren 11ko manifestazio handi honekin berriz ere mobilizazio ziklo bati ekingo diotela.
Mobilizazioaren azalpen teknikoak emanez beste bideo hau ere egin dute.