Negu giroaren iritsierarekin, etxe askotan sutondoak piztuta daude dagoeneko. Baina, ba al dakigu sua elikatzeko egurra nondik eta nola ateratakoa den? Nafarroa Behereko Hergarai ibarrean badute basoak modu iraunkorrean ustiatuz egurra ateratzeko kooperatiba bat: Sugarai. “2009an hasi zen abentura; ibarreko ate irekietan oihangintzaren eta egurraren gaiak jorratzeko bildu ginen biztanle multzo bat”, azaldu ditu hastapenak Peio Harlouchet kudeatzaileak. Bost urte eman zituzten proiektua fintzen, eta azkenean, 2015ean sortu zuten Sugarai kooperatiba, 104 partaiderekin.
Lau ardatz edo helburu zituzten kooperatiba sortu zutenean: oihangintzari berriz interesa ematea eta oihan jabeekin batera hura modu iraunkorrean kudeatzea; zirkuitu laburrean egurraren arloko ekonomia berpiztea; ibarrean enplegua sortzea eta oihan-jabe ere baziren laborariei baratzegintzatik haragoko diru-iturri bat ematea. “Berotzeko egurraren ustiapena izan zen abiatu genuen lehen gauza, baina hasieran lan ainitz beste enpresa batzuekin egin behar izaten genituen”, dio Harlouchetek. Gaur egun, ordea, prozesu osoa kooperatibak berak egiten du, eta lanaldi osoko bi lanpostu ditu. Egurra puskatuta eta xehetuta saltzen dute.
Baina, zer egiten du kooperatibak ustiapena modu jasangarriagoan egin dadin? “Diagnostiko bat egin ondoren sartzen gara beti oihanetan, eta gure inguruneari dagokion materiala erabiltzen dugu, bazterrak eta pistak ez kaltetzeko”. Baso-lanetarako tresneria zein eguraldia izaten dute kontuan, eta haien eremua egoitzatik gehienez 30 kilometrotara dute mugatua. Irisgarritasun aldetik zailagoak diren zenbait mendi eremutan ere ari dira lanean, jabeei nolabait “utziak” zituzten oihan horiek ustiatzeko aukera eskainiz.
Duela bi urtetik, kooperatibaren beste ardatz bat oihanen birlandaketa da. Karbono isurketa baxuko zertifikazioa eskuratu dute, eta modu horretan, landaketak egiteko finantzaketa dute karbono isuriak konpentsatu nahi dituzten enpresengandik. “Denetarik landatzen dugu, espezieak nahastuz, oihanaren iraunkortasuna eta indarra segurtatzeko: pagoa, ametza, haritza, gaztaina, lizarra, zurzuria, izeia, pinua…”.
Etorkizun hurbilera begirako proiektuak ere badituzte esku artean. Hain zuzen, 2022ko primaderan serreria bat martxan jartzea aurreikusten dute. “Egurra hobeki balorizatzeko ideiarekin, bestelako gauzetarako ere erabiltzea da asmoa: burdinbideetako egurretarako, teilatugintzarako, tauletarako…”. Salmenta egiteko orduan ere 30 kilometroko muga dute jarria, zirkuitu laburreko filosofia biziki inportantea baita haientzat. “Gure helburua ez da multinazional bat bilakatzea, baizik eta gurea bezalako kooperatibak sortzea nonahi, ibar guzietan. Hurbileko egitura eta izaera duten tresnak garatu behar ditugu”.