argia.eus
INPRIMATU
Oihan Barandalla preso etxarriarra askatu dute
  • Etxarri Aranazko presoak hamairu urte eta erdi egin ditu preso Frantzian. Barandalla Goñi Lannemezan espetxetik gaur atera da. Espetxea 330 kilometrora dago. Segituan Frantziatik kanporatu dute, Aragoiko Canfranc-en utziz.

Guaixe .eus @guaixe 2021eko martxoaren 12a
Argazkia: Guaixe

Barandalla 2007ko irailaren 1ean atxilotu zuten eta Nanterreko kartzelan sartu zuten. ETAren logistika aparatuko kide izatea leporatu zioten eta epaiketan gaizkileen elkarteko kide izatea, helburu terroristekin arma bidezko bahiketa egitea, eta armak, lehergailuak eta agiri faltsuak edukitzea egotzi zioten.

Hamazortzi urteko zigorra ezarri zioten Pariseko auzitegi berezietan, kondenaren bi herenak betetzeko agindua ezarri zioten. 2018ko garagarrilera arte bereziki zaindu beharreko DPS estatusa izan zuen etxarriarrak kartzelan eta, beraz, segurtasun neurri bereziak aplikatu zizkioten. Barandalla atera den espetxe hartan beste hamaika preso politiko gelditzen dira, tartean Jon Gurutz Maiza Artola etxarriarra.

2013ko otsailaren 18an Parisko tribunal batean, ETAko kide izateagatik, hamar euskal herritarren kontrako epaiketa hasi zen. Tartean zen Barandalla. Epaiketa hasieran presoen bozeramaileak testua irakurri zuen “elkarrizketa eta bake justu eta iraunkorraren alde” eginez eta atsekabea adieraziz “enfrentamenduan inolako erantzukizunik ez duten herritarrei egindako kalteagatik”.

Kartzelan zela etxarriarra aita izan zen eta, umearen jaiotza oinarri hartuta, kantua sortu eta “Seme” proiektua sustatu zuen, motxiladun haurren egoeraz gaztigatzeko.